Zibergela

Google Plus, sare sozialetan sartzeko Googleren azken saioa

Google Plus ez da Googleren lehenengo saioa sare sozialen munduan sartzeko, baina badirudi kasu honetan oso harrera ona izan duela Internet erabiltzaileen artean, Facebookekin alderatuz oraindik urrun egon arren.

2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bitarlan Informatika eta Web Zerbitzuak

Google Plus (G+ ere esaten zaio) ez da Googleren lehenengo saioa sare sozialen munduan sartzeko. Orkut (http://www.orkut.com) atera zuen aurretik, 2004an, eta microblogging arloan ere sartzen ahalegindu zen, Buzz proiektuarekin. Orkutek apenas izan duen arrakastarik oraindik, eta Buzzek ere ez ditu lortu emaitza onak. Baina Google Plus, aurtengo ekainaren 28tik, argitaratu zutenetik, indartsu dago, eta lehenengo hilabetean hamar milioi erabiltzaile lortu zituen. Hori bai, oraindik urrun dago Facebookek dituen erabiltzaile kopuruetatik eta erabilpen mailatik. Gainera, argitaratu zenetik behin probatzeko berotasuna igarota, Google Plusen hazkundea nahikotxo hoztu da. Probatzeko: http://plus.google.com

Google Circles

Google Plusek daukan berezitasunik garrantzitsuenetarikoa zirkuluen ideia da. Nork bere harremanak zirkulutan antolatu ahal ditu: lagunak, lankideak, familia, eta abar. Bakoitzak nahi dituen zirkuluak sor ditzake, eta ondoren kideak zirkuluetan sartu arrastatu eta jaregin eginez. Horrela, erabiltzaileak bere jarioan argitaratzen duen informazioa izan ahal da: publikoa; bere zirkuluetarako eta bere kideen zirkuluetarako; bakarrik bere zirkuluetarako, edo zirkulu edo harreman sare berezi baterako. Izan ere, sare sozialetan askotan nahasten dira familia, lagunak eta harreman profesionalak, eta, agian, partekatzen den informazioa ez da guztiok ikustekoa. Horrela, argitaratzen den sarrera bakoitzeko, aukeratu ahal da zeintzuek ikusten duten; adibidez, lagunak izeneko zirkulukoek bakarrik. Era berean, askotan sare sozialetan harremanak pilatzen dira eta informazio gehiegi jasotzen du erabiltzaile bakoitzak; beraz, maiz kide gertuen informazioa galdu ahal da. Hala, une bakoitzean, bakarrik erabiltzaileak nahi duen zirkuluaren jarioa ikusi ahal da, edo erabiltzaile guztien sarrerak batera.

Hori ez da ideia berri bat: Diaspora sare sozialak (software librea) aukera hori ematen zuen jadanik, beste era batean planteatuta, hori bai, eta dagoeneko Facebooken ere egin ahal den gauza bat da, nahiz eta Goolge Plusen bezain erraza ez izan.

Norabide bakarreko harremanak

Facebookekin alderatuta Google Plusek daukan beste berezitasun bat harremanak egiteko era da. Kasu honetan, antz handiagoa dauka Twitterrekin. Erabiltzaile bakoitzak bere zirkuluetan nahi duen kidea sartzen du, baina beste erabiltzaileak ez du zertan onartu adibidez Facebooken, LinkedInen eta beste sare sozialetan gertatzen den bezala.

Kideekin elkarrizketan aritzeko, Google Plusek solasgunea ere eskaintzen du, GTalk-en bitartez, eta Google Plusetik bertatik mezu elektronikoak bidaltzeko aukera ere badago.

Bideo solasgunea taldeka

Hau guztia gutxi izango balitz bezala, Google Plusek ere talde bideo txatak egiteko aukera ematen du. Hasi topaketa izena duen botoi berde bat ikusten da; topaketak egiteko egutegi bat dela irudi lezake, baina ez da, taldeko bideo solasgunea hasteko baita. Pantaila solaskideen eremuetan banatu beharrean beste bideo solasgune sistema batzuek egiten duten bezala, bideo solasgune sistema honek une bakoitzean hitz egiten ari den erabiltzailearen bideoaren irudia erakusten du pantailan.

Argazkiak

Google Plusek atal oso bat eskaintzen du erabiltzaileak sare sozial honetan dituen argazki guztiak kudeatzeko. Atal horretan erabiltzaileak jarritako argazki guztiak ikusi ahal ditu, hala nola etiketaturik dauden argazkiak. Argazkiak kontaktuekin etiketa daitezke, ezabatu edo efektu batzuen bitartez aldatu.

Jokoak

Jokoetarako ere atal berezi bat du Google Plusek. Bertan hainbat eta hainbat joko aurki daitezke on line. Beraz, ez da ezer instalatu behar, edozein sistema eragilerekin erabil baitaitezke; nabigatzaile hutsa behar da; flasha ere beharrezkoa da hainbat kasutan. Gainera, joko hauek guztiz integratuta daude sare sozialean eta, beraz, jokoetako puntuazioak argitara daitezke norberaren profilean. Era berean, askotan beste erabiltzaileekin batera jolastu ahal da, eta norberaren harreman sarekoak ere gonbidatu ahal dira jolastera.

Google Plus sakelako telefonoetan

Sakelako telefonoetan dagoeneko zenbait aplikazio agertu dira Google Plus sare soziala telefonotik erabiltzeko. Esaterako, Android telefonoetan Social Plus izeneko aplikazioarekin Google Plus, Facebook eta Twitter erabil daitezke. Hau da aplikazioaren helbide elektronikoa: https://market.android.com/details?id=social.plus.free.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.