Googlek eskaintzen dituen hainbat aplikazio edo zerbitzu oso ezagunak dira, esaterako, Google bilatzailea, Gmail posta zerbitzua edo Google Docs dokumentu edizio eta gordailu zerbitzua. Baina Googlek eskaintzen duen aplikazio sorta askoz ere zabalagoa da, eta artikulu honetan interesgarriak suerta daitezkeen aplikazio batzuk erakutsiko ditugu. Kontuan hartu, zenbait aplikazio erabili ahal izateko, aplikazioan saioa hasi beharko dela eta, horretarako, google kontu bat izan behar dela. Googlek eskaintzen dituen aplikazio guztien zerrenda ikusteko, helbide honetara jo behar da: http://goo.gl/d387.
Google bilatzailearen aukera aurreratuak
Googleren bilatzailea askotan erabili arren, agian ez diogu erreparatu testu eremuaren ondoan erakusten den «Bilaketa aurreratua» aukerari. Bertan sakatuta, bilaketa mugatzeko hainbat iragazki daude eskura; esaterako, hizkuntza jakin batean dauden emaitzak jaso ditzakegu, edo webgune bakar batean egin dezakegu bilaketa.
Google Docs,datu-orriak
Google Docsen (http://docs.google.com), dokumentu berri bat sortzeko orduan, datu-orria egiteko aukera eskaintzen zaigu. Datu-orri horiek galdeketa edo inkesta moduan erabil ditzakegu, eta gure lana galdera-erantzunak prestatzea izango da. Datu-orrian hainbat eremu sor ditzakegu, aukera bakar zein anitzekoak, erantzutea libre edo derrigorrezko direnak. Datu-orria amaituta, galdeketa jasoko duten pertsonen posta helbideak idatziko ditugu. Gure inkesta edo galdeketari ematen zaizkion erantzunak kalkulu orri batean ikusiko ditugu. Modu azkar batean kuadrillako hurrengo afarirako data edo mendi irteera nora egin adostu nahi baduzue, galdeketa egiteko aukera polita da hori.
Google Alerts
Google Alerts (http://www.google.com/alerts) erabiliz, hitz bakar bat edo hitz batzuen bilaketan emaitza berri bat agertzen denean, horren berri ematen digun jakinarazpen bat jaso dezakegu. Zertarako izan daiteke hori erabilgarri? Bada, norberaren izenaren gainean alerta bat sortuz, gutaz zerbait berria plazaratu bada Interneten, horren berri izan dezakegu. Gure izena bezala, gure enpresa, herri edo gustuko idazlearen izena ere balia ditzakegu. Bigarren eskuko auto bat erosi nahi badugu ere, autoaren modelo izena bilaketa hitz moduan erabil dezakegu, eta, norbaitek auto hori salmentan jarri eta Interneten iragarki bat jartzen duenean, horren berri izango dugu. Alertok erabiliz, ez dugu Internet arakatzen jarrera aktibo bat izan beharrik, lasai asko egon gaitezke gure intereseko horren gainean gauza berriren bat dagoenean jakitun izango garelako.
Google Liburuak
Google Liburuak (http://books.google.com) liburu izen eta edukiak bilatzeko tresna bat da. Googlek hainbat liburu eskaneatu ditu, eta bere edukietan bilaketak egiteko ere gai da. Liburuak ez badu copyright loturarik, hau da, jabari publikoko liburua bada, liburuaren edukiak ere irakur daitezke.
Knol
Knol (http://knol.google.com) hainbat gairi buruz idatzitako artikulu biltegi bat da. Artikuluak edozien hizkuntzatan idaztea posible bada ere, interfazea bera ez dago euskaratuta. Wikipediarekin antza duela pentsa daitekeen arren, baditu hainbat ezberdintasun: gai baten inguruan hainbat orri egon daitezke, bakoitza pertsona ezberdin batek idatzia. Wikipedian ez bezala, Knolen pertsona edo enpresa promozionatzeko artikuluak idatz daitezke, eta jabearen esku dago erabakitzea nork egin ditzakeen zuzenketak norberak idatzitako artikuluetan.
Google Translate
http://translate.google.com erabiliz, testu baten itzulpena lor dezakegu, eta alpha bertsioan badago ere, euskaratik eta euskarara itzul daitezke testuak. 57 dira eskura dauden hizkuntzak. Testu eremuan web orri baten helbidea idazten badugu, Google Translatek web orriaren itzulitako bertsioa ikusteko aukera emango digu.
Google Body
Google Body (http://bodybrowser.googlelabs.com/) giza gorputzaren «Google maps» bezalakoa da. Gorputzaren hezur, gihar eta organoak ikus ditzakegu geruza ezberdinetan banatuak, edozein angelutik, hiru dimentsiotan erakusten zaigun gorputza baita.
Art Project
http://www.googleartproject.com/ orrian, 400 artistaren hainbat lan bereizmen handiarekin ikusteko aukera dugu. Google Street View delakoak eskaintzen duen teknologiari esker, hamazazpi museo ezagun bisitatu ditzakegu birtualki: Parisko Versailles, Madrilgo Reina Sofia, Florentziako Uffizi eta abar.
Zibergela
Googleren beste aplikazio batzuk
Googlek eskaintzen dituen hainbat aplikazio ezagunak dira; hala ere, badira hain ezagunak ez izan arren interesgarriak diren aplikazio eta zerbitzuak. Asko badira ere, bakar batzuk erakutsiko ditugu hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu