Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

'Gure' altxorra

2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Astelehenean estreinatu zen gure telebistaren altxorrik handiena. Hastapenetan izan zuen kokalekura, Patagoniara eta munduaren amaierako itsasargira hain zuzen, egin du itzulera El Conquistador del fin del mundo reality-ak, bere hogeigarren edizioan. Hogei, azkar esaten da. Zenbakia entzun nuenean kalanbrea sentitu nuen tripan; eta ez bakarrik horrek jada adin bat dudala gogorarazi zidalako.

Gogoan ditut nik saio horren lehen edizioak; izan ere, horiexek izan ziren ikusi nituen bakarrak. Esango nuke lehen lauak izan zirela. Garai hartan nerabea nintzen, eta gurasoekin ikusten nituen saioak astelehenero, ohera joateko botatzen zizkidaten aginduei kontra eginez. Hurrengo egunean betzulo sakonekin joaten nintzen ikastolako lehenengo saiora, baina beti zegoen ikasgelan azken duelua ikusi zuen inor, irakasleari jaramonik egin gabe berriketan aritzeko.

Gustura ikusi nituen lehen denboraldi horiek, bai; kapitainen jazarpenezko hitzak eta taldekideen arteko tentsio pertsonalak probak baino garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren arte. Antza, hori omen zen ikusleria gehien mugitzen zuen faktorea: liskarrak. Baina nik, behintzat, ez nuen nire inguruan hori nahiago zuen inor ezagutzen: nire gurasoak ere liskar eta tranpa etengabe horiekin nazkatzen hasiak ziren, eta ikaskideen artean ere eredu horrekiko arbuioa nabaria zen. Zeinek zuen gustuko, beraz, Conquis berri hori, eta ez hasierakoa?

Pixkanaka, saioa ikusteari utzi egin nion. Amak ez, ordea: bere urteroko telebista-hitzordu nagusia izaten jarraitzen du oraindik orain. Baita Euskal Herri osoarena ere, ikusten denez; hogei urte bete baititu. Aldatu zen Karibera, saldu zen formatua beste herrialde batzuetara; eta orain berriz, urtemuga honen karira, jatorrira itzuliko omen dira. Jose Luis Korta eta Juanito Oiartzabal ere bertan izango direla irakurri dut, nahiz Julian Iantzi faltako den.

Ondo dago telebista kate batek bere saio bereizgarria izatea; nahiz horrek, askotan, kateek gauza berriengatik apustu egitea zailtzen duen. Gurean, dudarik gabe, El Conquistador del fin del mundo da saio hori. Kataluniako TV3ek APM? du, ordea. Arraroa izango naiz; baina nahiago nuke hori izatea nire herriaren telebista kateko saiorik ikusiena, urtero milioika euro uzten dituen gaztelerazko reality bat baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.