Etxetik sakelakora. Jauzi hori egiteko asmoz abiarazi dute Hamaika telebistaren azken proiektua: sakelako telefonoentzako eta tabletetarako aplikazioa. Komunikazio teknologia berriek ematen dituzten aukerez baliatuz, berrikuntza aro bati ekin diote katean, eta aplikazio berria noranzko horretara bideratutako pauso gisa definitu dute.
Hamaika telebistako aurkezle Inaxio Esnaolak esan du kateak telebista eta Interneten bateratzearen aldeko apustu garbia egin duela, eta, hala, funtsezkotzat jo du katearen edukiak Interneten egoteaz gain eskaintza smartphone-etara zabaltzea. «Egun, kateoi ezinbestekoa zaigu gure ikusleei edukiak nonahi eta noiznahi ikusteko aukera bermatzea», azaldu du Esnaolak.
Aplikazioa sinplea eta erabiltzeko erraza izatea nahi izan dute. Hala, sistemak bost botoi baino ez ditu, eta horietako bakoitzak behar bat betetzen du. Lehen botoiak Hamaika.tv webgunean sartzeko aukera ematen du, eta, horretarako, atariko itxura eta edukiak moldatu dituzte. Bigarren botoiaren bidez, kateak ekoitzitako saioak ikusteko ataria zabaltzen da, eta egunero eduki berriak zintzilikatuko dituzte.
Hirugarren botoia da berritzaileena, Esnaolaren ustez: Zuzeneko telebista. «Aplikazioaren atal hau aitzindaria da euskarazko hedabideetan», iragarri du aurkezleak, «egun ez baitago gure hizkuntzan zuzeneko saioak eskaintzen dituen sakelako telefono eta tabletetako zerbitzurik».
Azken bi botoiek interakzioa dute helburu. Laugarrena Hamaika telebistaren Twitter atalera (@HamaikaTb) heltzeko sarbidea da, eta bosgarrenak katearen Facebook atarian sartzeko aukera ematen du. Telebista kateak esan du aplikazioan komunikazioak bi noranzkokoa izan behar duela eta horregatik lehenetsi dituztela bi atari horiek.
Erabiltzailea, protagonista
Sakelakoentzako aplikazioaren bidez, jendearengana iristeko bide berriak jorratu nahi izan ditu Hamaika telebistak. «Ikusleekiko harremana lantzea hedabideon erronka nagusietako bat da», dio Esnaolak, «eta egiteko asko badugu ere, halako tresnez baliatu behar dugula uste dut».
Ikusleekiko interakzioa indartzea helburu dutela aplikazioa hobetzen joango direla iragarri du Esnaolak: «Zerbitzu honi esker, etorkizunean errazagoa izango zaigu ikusleen argazki zeinbideoak jaso eta telebistan, webgunean eta aplikazioan zabaltzea».
Komunikazioa
Hamaika telebista: etxetik sakelako telefonora, aplikazio berri bati esker
Webgune berria estreinatu ostean, eskuko telefonoentzako aplikazio bat sortu du euskal telebista kateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu