«Errumaniatik, Ekuadortik, Galiziatik eta Andaluziatik etorritako jendeak badu hango telebista kateak ikusteko seinalea», dio Koldo Unanue Euskalteleko marketin zuzendariak. «Zergatik ez du, bada, Bizkaian bizi den gipuzkoar batek, edo Gipuzkoan bizi den bizkaitar batek aukerarik izango Realaren edo Athleticen inguruko saioa ikusteko?». Atzotik posible da. Gipuzkoako emisioa Euskaltelen 11. kanalean ikusi ahalko dute gipuzkoarrek, eta herrialde bakoitzean besteetako emisioak izango dituzte eskuragarri.
«Aurrerapauso handia da guretzat», dio Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak, «Bizkaian bi urte eskasetan bigarren postuan jarri garelako, tokian tokiko telebistetan, eta, orain, Gipuzkoan ere aukera izango dugu». Lurreko telebista digitala (LTD) zabaltzeko orduan zazpi barrutietan banatu zuten Gipuzkoa, eta horietatik hiru kudeatzen ditu Hamaikak: Donostialdea, Debabarrena eta Oarso-Txingudi. Horietan guztietan, atzotik, 11. kanalean ikusi ahal dute Hamaika telebista Euskaltelen bezeroek. Beste lau barrutiek badituzte dagoeneko tokian tokiko telebistak: Debagoiena, Goierri, Tolosaldea eta Urola Kosta. Euskaltelen 11. kanalean horiek ikusiko dira geroan ere, eta Hamaika telebista 991. kanalean aireratuko da.
Antolaketa berriak aukera ematen dio ikusleari Bilbotik zein Donostiatik bidalitako Hamaika telebistaren seinalea beste herrialdetan ikusteko. Esaterako, Bizkaian eta Araban Gipuzkoako emisioa 931. zenbakian ikusi ahal dute atzotik.
Norberak bere futbola
Itunaren ondorioz, Gipuzkoako ikusleek Realari jarraipen berezia egiten dion Hamaikakoa saioa ere ikusi ahalko dute astelehenean, 22:00etan, LTDaz gain, Euskaltelen bidez. Gipuzkoako Athleticzaleek ere lehoien inguruko Harrobia aukeratu ahalko dute.
Futbola ez ezik, beste bi saio ere ekoizten ditu Hamaika telebistak Gipuzkoan. Esatea libre tartean, gizarte eta politikaren inguruko mahai ingurua egiten dute, Itxaso Martinek gidatuta, asteartean, 22:00etan. Ostegunean, ordu berean, elkarrizketa saioa ematen dute: Hurbilean. Telebistaren programazio orokorreko saioen artean, Bat eta Bat magazina nabarmendu daiteke. Etxebizitzen %46 ingurura heltzen da gaur egun Euskaltelen eskaintza, Bizkaian zein Gipuzkoan.
Komunikazioa
Hamaika telebistaren Gipuzkoako emisioa, Euskaltelen 11. kanalean
Telebistaren seinalea herrialdean zabaltzeko ituna egin dute kate euskaldunak eta kable bidezko hornitzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu