Hedabideen kontsumoaren %28 sakelakoetatik egingo da 2020rako

Ohiko euskarriei denbora kendu diete telefonoek eta tabletek, baina kontsumoa handitu egin da

Sanferminetako entzierroaren ikusleak sakelako telefonoei begira, joan zen ostiralean. JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Prentsa, telebista eta zinema kontsumitzeko moduak iraultzen jarraitzen dute sakelako telefonoek eta tabletek. 2011. urtean, hedabideen kontsumoaren %5 egiten zen gailuon bitartez. Aurten %24ra helduko da, eta 2020rako %28ra iritsiko dela iragarri du Zenith konpainiaren azken aurreikuspenak. Ondorioztatu dutenez, euskarri tradizionalek atzera egiten jarraitzen dute, sakelako edo tableten mesedetan, baina azken horiek aurrekoek galdutako kontsumo maila berreskuratzen ari dira, eta, kasu askotan, gainditzen.

Marketin digitalean egiten du lan Zenith konpainiak, eta urtero argitaratzen du txosten bat hedabideen edukien kontsumo ohituren inguruko iragarpenarekin. Mundu osoko joera aztertzen dute, 63 herrialdetako datuak erabilita.

Sakelako eta tableten bidezko kontsumoa «gainerako hedabideen kontsumoa jaten ari da», idatzi dute txostengileek. 2011 eta 2018 artean, egunkariak irakurtzen pasatutako denbora %45 jaitsi da (aldizkarien kasuan, %56). Edonola ere, «egunkari eta aldizkari askok Interneten irabazi duten arreta denbora paperean galdutakoa baino gehiago da».

Egin dituzten kalkuluen arabera, aurten herritar bakoitzak 479 minutu pasatuko ditu hedabideen edukiak kontsumitzen batez bestean, hau da, 2011n baino %13 gehiago. 2020rako egin duten aurreikuspenaren arabera, denbora 492 minutura helduko da.

Bereizketa lausotzen ari da

«Hedabide guztiak galtzen ari dira gailu mugikorren aurrean», idatzi du Jonathan Barnardek. Txostenaren egileetako bat da. «Baina egia honako hau da: hedabideen arteko bereizketak gero eta garrantzi txikiagoa dauka», gaineratu du. Marketin adituen arabera, gaur ez da garrantzitsua kontsumitzailea zein formatutan ari den informazioa edo entretenimendua jasotzen, baizik eta zein jarrera edo asmorekin ari den kontsumitzen, hau da, informazioa aktiboki bilatzen ari ote den, entretenitzeko bideo laburrak ikusten ari den, edo iritzia trukatzen sare sozialetan. «Saltzaileek erabaki behar dute plataforma bakoitzak zer eginkizun duen euren komunikazio estrategian», idatzi dute txostengileek.

Telebistek eta irratiek ere atzera egin dute, telefono eta tableten aurrean, baina ez prentsak adina, txostenaren arabera. Kalkulatu dutenez, telebistak arreta denboraren %3 galdu du denbora epe horretan, eta irratiak %8. Interneteko guneekin zertxobait berreskuratu badute ere, lehia latza dute bakarrik Interneten dabiltzan YouTube eta Spotifyrekin.

Hedabide tradizionalen ondoan, zinemaren kasu bitxia nabarmendu dute txostengileek. Izan ere, zineman pasatutako denbora %3 luzatu da 2011-2018 tartean, «zinema jabeek pantailak eta bisitarien esperientzia hobetzen inbertsioak egin dituztelako, eta estudioek hobeto saldu dizkietelako filmak nazioarteko ikusleei», idatzi dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.