Telebistan beti dute hitza politikariek, enpresaburuek eta adituek, baina haien erabakiek denoi eragiten digute», dio Jerome Caza L'Autre TV telebistako zuzendariak. «Horregatik, guk herritarrei eman nahi diegu hitza», gaineratzen du kazetari eta errealizadoreak. Baionan sortu dute Internet bidezko telebista katea, eta auzoz auzo zabaltzea dute asmo. Kontua ez baita soilik hurbileko telebista bat egitea, baizik eta hurbilekoak, auzoak, herritarrak telebista sortzen jartzea.
Baionan gitarrak egiten dituen Matxin Adeleren inguruko erreportajea da L'Autre telebistaren azken lana. Haur txiroentzako tresnak egiten edo konpontzen ditu. Haren tailerra eta lan prozesua erakusten du ikus-entzunekoak, eta gitarra ume baten eskuetan jartzen duen unea. Telebista Baionan hasi bada lanean, Miarritze, Bokale, Bidarte eta Angelurainokoa nahi du bere burua. Hortik, barnealdera jo nahi luke, baina oraingoz ez du horretarako baliabiderik.
Herritarrak trebatzen
Profesional talde txiki bat dabil lanak ekoizten, herritarrek proposaturiko gaien inguruan. Halere, herritarrak beraiek telebistagile bihurtu asmo ditu. Horretarako ikastaroak ematen hasi dira dagoeneko, jendea kamera eta bestelako gailuak erabiltzen trebatzeko. «Telebista herritarren tresna bihurtzea da horren asmoa», dio Cazak. Herritarrei erredakzio batzordetan parte hartzera gonbidatzen ditu telebistak, ideiak ematera, eta, trebakuntzaren arabera, erreportajeen ekoizpenean lan egitera.
Sakeleko telefonoetan ikusteko modua ere eskura jarri dute, eta euren lanak kablearen eta Lurreko Telebista Digitalaren bidez zabaltzeko asmoa dute.
Bost sailetan banatu dituzte eskaintzen dituzten lanak. Kultura atalean, agertokien atzean dabiltzan pertsonaien lana erakutsi asmo dute. Nire enpresa txikia-n «enpleguaren ikuspegi positiboa» eman nahi dute, enpresak sortu dituztenen istorioak kontatuz. Elkartasuna eta hiritartasuna sailean, ordainik gabe lanean dabiltzan «egunerokotasunaren heroien» jarduera erakutsiko dute. Herritarrek gomendaturiko kirol, erakusketa edo ikuskizun baten berri emango dute Zeuk probatuta atalean, eta Bestela bidaiatu sailean, turismoz harago doazen txangoak proposatuko dituzte.
Atal horiez gain, hiru hilabetetik behin, eztabaida saio bat antolatu nahi dute. Horietan jorratu beharreko gaiak eta mintzakideak herritarrek erabakiko dituzte. Lehen gaia plazaratu dute: Miarritzeko Olympique eta Baionako Aviron errugbi taldeek bat egitearen alde zaude?
Mezu positiboak,baina euskara gutxi
Ohiko hedabideen funtzionatzeko eraz gain, gaien trataeran ere desberdindu nahi du L'Autre telebistak. «Hedabideak, normalean, geltokira heltzen ez den tren horretaz mintzo dira», dio Cazak. «Baina tren batzuk ondo heltzen dira, eta horiek erakutsi nahi ditugu, inozo izan gabe».
Euskarak ez du oraingoz tarte handirik telebistan. Erreportajeren batean, protagonista euskaraz entzun daiteke, baina ez dirudi hizkuntza era normal batean erabiliko dutenik. «Euskaldunek euskarazko erreportajeak egingo dituzte, frantsesezko azpidatziekin», dio zuzendariak.
Ekimena gauzatzeko diruen %80 erakundeetatik datoz egun. Europako Batasuna, Akitania Eskualdea, eta Baionako Udala daude horien artean. Gainerako %20 diru pribatuak dira. Geroan part hartze publikoa murriztu nahi dute, «independentzia handitzeko».
Komunikazioa
Herritarrek eginiko telebista
l'Autre TV ekimena abian da Baionan. Internet bidez zabaltzen ditu erreportajeak eta eztabaida saio «positiboak», eta baionarrak teknikan trebatzen dihardu, euren saioak egin ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu