Historia garaileek idazten dute esaldia gehienetan egia handi bat izan da orain arte. Baina esaldi hori ez da berriro bere horretan behintzat egia izango, sareari esker gure historiari buruz informazio gehiago ezagutzeko eta sortzeko izango dugulako. Historia zer den edo zer izango den ere definitzeko dago, hori ere gure esku dago.
Memoria historikoa berreskuratzen saiatzen ari garenean ikusten ari gara, Internetek informazioa eskuratu, kontaktuak egin eta komunikatzeko ahalmenari esker gauza asko lor daitezkeela. Zenbaitzuk lortzea nahi ez badute ere, informazio gehiago dauka izan nahi duenak. Jendarte osora informazio hori zabaltzeko zailtasunak beti jarriko dituzte, baina jada ezin da guztiz galarazi.
Adibideak asko daude, Wikipedian (http://eu.wikipedia.org/wiki/Jesus_Larrañaga_Txurruka) begiratuta bakarrik Jesus Larrañaga Goierri gipuzkoarraren historia ezagut dezaket, adibidez. Hasieran EGIn eta ELAn militatu zuen, ondoren Leninek formulatu bezala autodeterminazio eskubidea defendatzen zuen EPKren sorreran ere parte hartu zuen. 1936ko gerran Gipuzkoan izandako borrokarako kemena eta Jose Antonio Agirreri egindako kritikak ere ezagut ditzaket. Eta, noski, Ameriketako erbestetik bueltan, Madrilen nola erail zuten ere kontatzen du artikuluak.
Eredu honek oraindik aitzinako eredutik edaten du. Idazten dutenak ezberdinak dira; bai eta horrek eraldaketa handia suposatzen du, baina zergatik ez hasi gaur bertan gure historia idazten? Komunitate bakoitzak, herri bakoitzak, nazio bakoitzak... bere oraina erregistratzeko aukera dauka. Noski orainari ez diogu historia deituko, ez baita iragana, baina izango da. Giza talde bakoitzak bere beharrak eta ingurukoenak betetzeko informazio gordetzeko, Wikipedia ez entziklopediko bat izatea garrantzitsua izan daiteke.
Hala ere, nahiz eta guk jakin ez, teknologiak erregistro bat eramateko ahalmen handia dauka, Internet da adibide garbiena. Gure mugikorren erregistroetan bakarrik gure meta-historio txiki asko daude; gure harreman, mezu, kontaktu, amets... ugariren arrastoak. Teknologiak ekarri duen aldaketa nagusiena hori da, ez da egileen aldaketa bat bakarrik baizik eta historiaren desagerpena, kontakizun bakar eta adostu baten zentzuan behintzat.
Komunikazioa. Irlen Sarea
Historia ez dute garaileek soilik idatziko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu