Komunikazioa

Indonesiako TVOne katean Euskal Herriko egoeraz ariko dira hilaren 28an

Julen Madariaga, Martxelo Otamendi, hainbat politikari eta kaleko jendea elkarrizketatu dituzte

Indonesiako TVOne telebistako kideak, Julen Madariaga elkarrizketatzen, Donostian. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Abuztuan Indonesiako TVOne telebista kateko talde bat Euskal Herrian izan zen erreportaje bat grabatzen. «Euskal Herriko alde sozial, ekonomiko, kultural eta politikoak ezagutzeko asmoz joan ginen. Izan ere, guretzat interesgarria da oso Euskal Herria, bere historiagatik eta bi estaturen artean banatuta dagoelako», azaldu du Desy Ayu Indonesiako kazetariak. Agung Hendro kamerariarekin batera izan zen Ayu Euskal Herrian, eta Jose Baigen laguntza izan zuten.

Abuztuan egindako elkarrizketekin bi ataletako erreportaje bat egin dute Euskal Herriaz. Hilaren 28an eta azaroaren 4an emango dituzte bi atalak, Zona Merah saioaren barnean.

Erreportajean, besteak beste, politikariak, euskal musikari bat, euskara irakasle bat eta kaleko jendea agertuko dira. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean ere izan zen Indonesiako taldea, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi elkarrizketatzen. Halaber, Donostian, Julen Madariaga ETAko buruzagi ohiari egin zizkioten galderak.

Desy Ayuren arabera, Indonesiako ikusleentzat interesgarria izan daitekeena jaso dute erreportajean: «Gure ikusleei asko gustatzen zaie munduko beste bazter bateko zerbait berria ikustea. Eta guk, kazetari garen aldetik, Euskal Herrian egun gertatzen dena kontatu nahi genuen».

Donostian, abuztuaren 13an,Eleak mugimenduak Euskal Herria libre eta legala lelopean antolatutako manifestazioan izan ziren, bestalde, TVOneko kamerak.

Desy Ayu kazetariak Afrikan eta Asian egin ohi ditu erreportajeak, eta Euskal Herrikoa da Europan egin duen aurrenekoa.

Informazio kate nazionala

TVOne kate pribatu nazionala da. Jarkartako ekialdean du egoitza nagusia, eta albisteak eta kirola dira haren programazioaren ardatza. Sorreran, lizentzia lortu zuenean, Lativi zuen izena. 2008. urtean, berriz, TVOne izendatu zuten. Katearen zuzeneko emisioa www.tvonenews.tv webgunean ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.