Evgeny Morozov. Interneten aditua

«Interneteko erabiltzaile askori ez die iraultzak axola»

Gertaera soziopolitikoetan eragiteko aukera eskaintzen du sare sozialak, baina mugimendu horien atzean askotan ez dagoela estrategiarik salatu du Morozovek.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Sare sozialek azken gertakari politiko eta sozialetan izan duten eraginaren inguruan kritiko da Evgeny Morozov (Bielorrusia, 1984). «Teknologiaren eta demokraziaren hazkundearen arteko erlazioa gain baloratuta dago», haren ustez. El desengaño de internet (Interneten desengainua) liburua aurkezten ari da, eta aste honetan hizlari aritu da Bilbon, Komunikazio politikoari buruzko nazioarteko II. topaketan.

Sare sozialek zer-nolako zeresana daukate gertaera soziopolitikoetan?

Herrialdearen, eta tresnaren arabera. Batzuetan sare sozialek protesta egiten dutenei boterea eman diete; udaberri arabiarrean, esaterako. Baina, era berean, ikusi dugu nola tresna horiek esperantza faltsuak sortzen dituzten. Demokrazia gauza erraza dela pentsaraz dezakete, Facebookeko talde bat egitea nahikoa dela uste izateraino. Errealitatean, politika jakin bat behar da proiektu bat gauzatu ahal izateko. Beste testuinguru batean, hor dago Iranen gertatutakoa: Flame izeneko softwarearekin AEBetako Gobernuak Irango programa nuklearra mantsotu du, ohiko indarrik erabili gabe. Beraz, esan daiteke Internetek zenbait gerra ekidin dituela. Baina, era berean, AEBak egoera arraro batean geratu dira, orain mundu guztia mehatxagarri ere izanbaitaitezke, eta haien gobernua Internet barruan dago. Beraz, AEBak izan al daitezke Interneten askatasunaren bermatzaile, zibergerraren barruan dauden heinean?

Beraz, iraultza posible izan daiteke Internet bidez?

Bai, inozoa izango zen pentsatzea mugimendu sozialek Internet tresna gisa alboratu beharko luketela. Informazioa zabaltzeko garaian tresna baliagarria izan daiteke, denek kolabora dezaten. Baina onartu beharra daukagu tresna horiek ez dutela inoiz politika ordezkatuko. Eta oraindik erakundeak eta kanpaina tradizionalak behar ditugu. Beraz, erakunde eta sarea elkarlanean arituko diren eredua bilatu behar da. Izan ere, liderrik gabeko mugimenduak askotan ez dira eraginkorrak, eta erabiltzaileen energia xurgatzen dute. Esaterako, hor daude Anonymous, Occupy Wall Street, udaberri arabiarra eta beste hainbat adibide. Horiek guztiek planteamendu inozoak dauzkate, teknologiak gidatuta. Horien arabera, Internetek aldakuntzarako dohainak dauzka, eta politika batzuk deuseztatzeko ere balio dezake.

Esan daiteke, orduan, erabiltzaile asko ez direla horretaz ohartzen?

Bai, eta baita aktibista eta disidente batzuk ere. Nik ez dakit Internet erabiltzen duten gazteei iraultza axola ote zaien, askori ez. Eta ez nuke esango erabiltzaileak inozoak direnik; asko jota apatikoak dira. Ez zaie inporta. Gazte jende askok politika nola egin planteatzeko garaian pentsatzen dute Internetek iraultza intelektual bat suposatzen duela. Eta pertsona horiek utopikoak direla uste dut.

Erabiltzaileak kontrolatzeko erabiltzen dira sare asko; baina, halere, esperantza handia ekartzen du, eta askatasun gehiago dakarrela ematen du...

Interneten nork irabazi edo galtzen duen, kalkuluak egiteari utzi behar diogu, inork ez baitu ezagutzen Internet nola erabiltzen ari diren mundu osoan zehar. Pentsa genezake Internet baliagarria dela Errusiako edo Irango disidenteentzat. Hala ere, Interneti buruz indar handi bat izango balitz bezala hitz egiteari utziko nioke. Horren partez, teknologia indibidualei buruz hitz egiten hasiko nintzateke: sarean lan egitearen arriskuak, dauden erronka eta aukerak, ezagutza bisualaren arriskuak... Hori guztia indibidualki ebaluatu behar da. Internet ona edo txarra den eztabaidatzen ari garen bitartean, gaizki ulertuak izateko aukera baitago ekuazio indibidual horietan guztietan. Beraz, bakoitzaren arabera ebaluatu beharko da.

Ziberutopismoari buruz hitz egiten duzu… Gaur egun teknologiek duten botere askatzailean sinesten al du jendeak?

Jende askok uste du teknologiak dakarrela bakarrik askatasuna? Ez. Teknologia askatzailea dela pentsatzen duenik bada? Bai. Nire ustez, sakelako telefonoak onak izan daitezke garapen ekonomikorako, demokratizaziorako… Baina sakelako telefonoa disidenteak kontrolatzeko tresna eraginkor bat da, non dauden eta egon diren jakin daiteke. Prentsako titularrak ikertzen badira, gehienek ez dute errealitate ilun hori onartu nahi, eta Internetek demokrazia ekarriko duela sinestera datoz. Onartu beharko litzateke arrisku asko daudela Interneten, eta era berean demokraziarako aukera handiak daudela. Beraz, bi ideia horiek egon beharko lukete buruan, baina oso gutxik lortzen dute hori.

Nola aldatuko da Interneten egitekoa etorkizunean?

Anbiguoa da. Gure bizitza publikoa gero eta gehiago sarean gertatzen da. Elkarrizketak, diskurtso politikoak, eta abar. Interneten egiten dira. Baina ez nuke seguru esango Internet bideratu ahal izango ote dugun. Teknologia eta ideologia asko elkartzen ditu bere barruan, egunero aldatzen direnak, gainera. Beraz, teknologiari buruz hitz egiten jarraitu dezakegu, sare sozialek nola eragiten dioten politikari, eta gobernuek aurrera egiteko zein tarte izango duten sare sozialen bidez. Eta nik uste dut esparru hori murriztu daitekeela. Politikoen bizitza zailagoa bihur dezake Internetek. Beraz, berriz ere gauzak sailkatzeari aurre egin beharko diogu. 20 urte beteta, garaia da Internet hitza erabiltzeari uko egiteko, eta tresnak aipatzeko: sare sozial, bilatzaileak, Skype, Amazon edo beste euskarri batzuei buruz hitz egiten hasi beharko ginateke. Uste duguna baino gehiago daukate komunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.