Komunikazioa

Iparraldeko Euskal Irratietan hainbat emankizun berri egingo dituzte

Maia Muruagak euskal kulturari eskainitako 'Kultur Alea' saioa aurkeztuko du arratsaldeetan

Maia Muruagak Kultur Alea saioa aurkeztuko du astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan. ANTXETA IRRATIA.
urtzi urkizu
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Berrikuntzaz beteta hasi dute aste honetan denboraldi berria Xiberoko Botzak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Antxeta Irratiak. Batera egiten dituzten emankizunetan hainbat aldaketa eginen dituzte.

Goizak Arantxa Idieder eta Xan Beirie esatariekin hasiko dituzte astelehenetik ostegunera, Goiz Berri emankizunean, 07:00etatik 09:00etara. Ostiraletan Jojo Bidartek gidatuko du Goiz Berri, eta 08:00 aldera eztabaidaren tartea entzun ahalko da.

On Daizuela magazinak ordutegia luzatuko du, eta aurrerantzean 11:00etatik 12:30era emango dute. Aurkezle berria Maria Agnes Gorostiaga izanen da. Herritarren eguneroko arrangurak eramango dituzte saiora. Medikuntza aipaldiak, aseguruen aferak, eskola kontuak eta haurren arazoak aipatuko dituzte tarteka-marteka.

Berrikuntza nabarmenetako bat Kultur Alea saioa izanen da, euskal kulturari eskainitako emankizuna. Maia Muruagak aurkeztuko du astean lautan, 17:30ean. Ordu erdi batean euskal sorkuntzari begirada bat eskainiko dio programa berriak. «Asmoa da kultur arlotik datozen gaiak modu berezi batean lantzea. Emanaldiarekin gazteengana hurbildu nahi dugu, nahiz eta adin guztietako entzuleentzat izango den», azaldu du Muruagak. «Sormen lan berriak azalduko ditugu, eta, horretarako, entseguetara joango gara. Elkarrizketa eta kronika arinak eta mamitsuak egingo ditugu».

Gazteentzako emankizun berri bat ere bada: Gazteeri zuzendu. Artzen Letonak eta Benat Larrorik aurkeztuko dute Xiberoko Botzatik, asteazkenero 17:00etan.

Ohitura den bezala, arratsaldeko zazpietan gaikako emankizunak izanen dira entzungai Euskal Irratietan. Astelehenetan hilean behin txandakatuko diren saioak izango dira: Mintzaleku eztabaida saioa, 8. probintzia diasporari eskainitako emankizuna, ekologiari buruzko Bizi saioa eta nazioarteko gaurkotasun gaiak landuko dituen Mundu Hotsak. Aipatutako 8. probintzia saioa Benoit Etxeberrik gidatuko du, eta Bizi ekologismoaren saioa, Xabier Harluxetek.

Ostegunetan, 19:00etan, Olatz Idoatek eta Kristof Arotzarenak Jokoz kanpo kirol irratsaioa aurkeztuko dute. Kirol ugari izango dituzte aipagai, eta entzuleek parte hartzeko aukera izango dute. Ostiraletan, 19:00etan, Laurentx Etxegoienen Aitzur eta Jorra laborarien saioa gidatuko du. Ostiraletan, 19:30ean, preso politikoen sostengu elkarteak egindako Herrira zuzenean izanen da entzungai. Ostiral gauetan, 22:00etatik aurrera, musika emankizunak izanen dira Euskal Irratietako kolaboratzaileen eskutik.

Larunbat goizetan, 11:00etan, Titika Rekaltek Ipar Leihotik magazina aurkeztuko du.

Programazio buru berria

Euskal Irratietako programazio arduradun berria denboraldi honetan Oihana Daguerre izango da, Maria Agnes Gorostiagaren lekua hartuz. Gorostiaga hemendik aurrera goizetako On Daizuela magazinean ariko da.

Euskal Irratietako erredaktore burua Jose Luis Aizpuru da, eta ekonomia eta gizarte arduraduna, Titto Betbedere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.