Hego Amerikako maputxe komunitateetan adierazpen askatasunak eta komunikabide komunitarioak duten egoera aztertzeko, egitasmo berezi bat jarri dute martxan aste honetan Amarcek (Irrati Komunitarioen Munduko Elkartea), Pro Bono Fundazioak eta MapuExpress egunkari digitalak. Eginkizun horretan, laguntzaile dituzte Radio Tierra Chile irratia eta Euskal Herriko PausuMedia gobernuz kanpoko erakundea.
Azterketa lan hori garatu dute, hain justu, komunitate maputxeen aurkako ekintza polizial eta judizialak gogortu direnean. Azkeneko asteetan hainbat mugimendu sozialek eta giza eskubideen aldeko taldeek kezka azaldu dute, emakumeen aurka izan diren legez kanpoko atxiloketengatik. Komunitate maputxeak, gainera, estigmatizatzen ari dira, basoetan izan diren suteekin lotuz. Lege antiterroristaren aplikazioa ere gogortu daiteke datozen hilabeteetan.
Egoera horretan, egitasmoaren antolatzaileek jakin nahi dute irrati komunitario maputxeen egoera zein den. Iaz, bi irrati maputxeri 36B (a) legea aplikatu zieten, baimenik gabeko emanaldiak bertan behera uzteko modua ematen duena. Amarcek adierazpen askatasunaren aurkako erabakitzat jo du hori. Izan ere, Nazio Batuen adierazpenaren arabera, komunitate indigenek beren hedabideak sortzeko eskubidea dute. Egitasmoan irrati komunitarioen egoera ekonomikoa eta komunitateetan duten harrera ikusi nahi dute.
Bestalde, nazioarteko kazetarien hainbat elkartek azkenaldian salatu dute Txilen dauden berriemaileei erakundeek ez dietela preso maputxeak elkarrizketatzen utzi.
Komunikazioa
Irrati maputxeen egoera aztertzen ari da PausuMedia, Txilen
Amarc elkarteak eta Pro Bono Fundazioak adierazpen askatasunaren gaineko txosten bat egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu