Digitalizazio prozesuak hedabide guztiei eragin die; ez bakarrik hedabideei, baina bereziki horiengan ari da eragin handia izaten. Komunikazioaren bitartekaritzaren monopolioa galtzeak, kasu askotan, informazioa izateko eta zabaltzeko aukera gehiago ekarri ditu guztiontzat. Eta, aldi berean, negozio ereduetan ere zalaparta handia sortu du. Hala ere, bada horien artean komunikazio mota bat besteak baino errazago egokitzen ari dena, eta hori irratia da.
Telebistan ez bezala, irrati digitala oraindik iristeko dago, baina beharbada ez da inoiz iritsiko. Oraindik ere irratiak gure aiton-amonek bezala jasotzen dugu. Seinalearen banda horiek mugatuak dira-eta asignatuak izan behar dira oraindik. Hortik datoz Euskalerria irratiak eta beste irrati askok dituzten arazoak.
Baina, gaur egun, irratiek aliatu bat dute, Internet. Horren bidez, eta baimenik eskatu gabe, seinalea mundura zabal dezakete mugarik gabe. Etxetik podcast—harpidetzeko aukera ematen duen irratsaioa— txiki bat egiten dutenek, irrati libre eta komunitarioak, irrati txikiek edota irrati handiek irismena mundu osokoa bihurtzea lortzen dute. Eredu komertzialentzako ere hori oso onuragarria da, baina oraindik audientzia bateratuak (irrati arrunta + Internet) neurtzea falta zaie.
Orain arte aipatutakoa ez da berria, aspaldi egin zitekeen gauza bat baizik; baina mugikortasunak eta Interneteko sare sozialek irratiaren rola birdefinitu dezakete. Alde batetik, mugikortasunean, edozein tokitatik —irrati seinalea iristen ez bada ere—, Internet edukita entzuteko aukera izateak dimentsio berri bat ematen dio hedabideari. Horrekin batera, Interneteko sare sozialek une konkretuetan emandako ikusgarritasunak erabateko eragina izan dezake entzule kopuruetan.
Irratiaren rolaren birdefinizioaren bi gertuko adibide Uhinbak ( http://uhinbak.eu) aplikazioa eta Irola irratiak Kukutza gaztetxearekin gertaturikoari eginiko jarraipena izan daitezke. Lehena, Internet duten telefono mugikor aurreratuetatik euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa da; irrati horiei dimentsio berri bat ematen diena.
Bigarrenak, Irola irrati txiki eta piratak, demostratu du jendearen erantzunari esker eta Interneteko sare sozialekin elkarrekintza ulertzen denean erreferente bilakatzea posible dela.
Komunikazioa. Irlen Sarea
Irratiaren rola berriz definitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu