RAI3 Italiako telebista publikoko talde bat Euskal Herrian da egunotan, hainbat erreportaje grabatzen. Mediterraneo saioan emitituko dira erreportaje horiek; eta ez bakarrik Italian. Grezian, Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan ere emango dituzte. Kultura eta gizarte gaiak lantzen ditu bereziki Mediterraneo programak.
Aspaldian Espainian bizi den Nicoletta Pispisa kazetariarekin batera, Erromatik iritsitako Roberto Alajmo erredaktorea eta Antonio Scarcella kameralaria ari dira egunotan erreportajeak grabatzen.
Erreportaje bat Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugaren ingurukoa izango da. «Horretarako Edorta Jimenez idazlea elkarrizketatu dugu, eta hainbat testigantza jaso ditugu», azaldu du Nicoletta Pispisak. Beste erreportaje batean Bilboren eraldaketa aztertuko dute, «Guggenheim museoari lotuta bereziki». Guggenheimeko prentsa arduradunarekin, Bilbao Metropolitan 30ko ordezkariekin eta Xabier Aierdi soziologoarekin hitz egin dute gai horretaz.
ETAk armak uztearen erabakiaren ostean, egoera politiko eta soziala zertan den aztertuko dute beste erreportaje batean. Horretarako Martxelo Otamendi eta Gorka Landaburu kazetariak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Anjel Lertxundi elkarrizketatu dituzte. Xabier Aierdik ere eman du bere ikuspegia gaiaz. «Itxaropenez ikusten dut prozesua. Polita eta bizia izan daiteke. Baina Espainiako Gobernuak zerbait egin beharko du», adierazi du Pispisak.
Sukaldaritzaz grabatuko dute Donostian erreportaje bat, Basque Culinary Centerreko arduradunekin eta parte zaharreko hainbat tabernarirekin hitz eginda. Eta grabatuko duten azken erreportajea pilotari buruzkoa izango da. Josetxo Lizartza esataria ariko da pilotaz RAI3rentzat.
Gernikako bonbardaketari buruzko erreportajea izango da emango duten aurrenekoa, urtemugaren astean bueltan (apirileko azken egunetan). Eta handik aurrera emitituko dira aipatutako beste lau erreportajeak, igande goizetan.
Italiako herritarrek badute interesa Euskal Herriarekiko, Pispisak azaldu duenez: «Turistikoki asko gustatzen zaie italiarrei Euskal Herria, motibo kultural eta gastronomikoengatik. Italiarrentzat bidaiatzeko leku kutunenetako bat da».
Rai3 katea, 1979tik martxan
Rai3 kate publikoa 1979. urtean sortu zen. 90eko hamarkadan, kultur gaien presentzia areagotu zen. 1999. urtean, berriz, zerbitzu publiko funtzio bereziak izatera pasatu zen, informazioa, kultura eta dokumentalen arloak mantenduz. RAIk gaur egun 11 irrati eta 13 telebista kate ditu. Europako komunikazio talde handienen artean bosgarrena da.
Komunikazioa
Italiako Rai3k bost erreportaje grabatuko ditu Euskal Herrian
Gernikako bonbardaketa, Bilbo, egoera politikoa, sukaldaritza eta pilota dira landutako gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu