Datorren asteartean itzaliko dute telebista analogikoaren seinalea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baita Akitania osoan ere. Hortaz, seinale digitalera pasatu ez diren Ipar Euskal Herriko etxeak telebista irudirik gabe geratuko dira. Duela urtebete Hego Euskal Herrian gertatu bezala, aurrerantzean telebista LTDkoa bilakatuko da Ipar Euskal Herrian. Aldiz, telebista Internet, kable edo satelitearen bidez ikusten dutenek ez dute aldaketarik jasango.
2008. urteaz geroztik erositako telebistek ez dute aldaketarik beharko, LTDa berez integratua dutelako. 1981etik 2008ra bitarteko telebistentzat ikusleek deskodegailu bat behar dute. Behin deskodegailua ezarri ostean, LTDko kateak sintonizatu behar dira. Azkenik, 30 urte baino gehiago duten telebistak zaharkituak geldituko dira, eta ezingo dira egokitu LTDrako.
Lau eremutan itzalguneak
Lekuine, Banka, Urepele eta Aldudeko inguruak lurreko telebista digitalarentzat itzalguneak kontsideratuak dira. Hala, bezeroek telebista digitala hartzeko zailtasunak izango dituztenez, 250 euroko diru laguntza jasoko dute antena parabolikoak eskuratzeko. Bi operadore (TNP Sat eta Fran Sat) behartuak dira antena parabolikoaten bitartez doan lurreko telebista digitalaren doako kateak instalatzeko. Itzalguneak dauden eremu horietan ezingo da France3 Euskal Herri berri saila ikusi, emankizun hori ez baita antena parabolikoaren seinaletik pasatzen. LTDan lehen bezala ikusiko da France3 Euskal Herri.
ETB1 katea Fransat bidez ikusi ahalko da asteartetik aurrera, 130. kanalean. Satelite bidezko zerbitzu hori Euskararen Erakunde Publikoaren webgunera joz edo antenistarekin harremanetan jarriz lortu ahal da. Argibide gehiago 0559-31 18 34 telefonoan. Kontseilu Nagusiaren eskuetan da egun ETBren afera, eta litekeena da hilabete batzuen buruan ETB3 ere Iparraldeko hiru herrialdeetan ikustea.
Tvpi tokiko kateari dagokionez, lehen hedagailu bat zuen, eta orain hamar izango ditu. Ondorioz, hemendik aurrera barnealde osoan ikusgai izango da. Lapurdiko kostaldean, berriz, frekuentzia aldatuko du, eta berriro sintonizatu beharko da. Kanalduderentzat ere mesedegarri izanen da zabalpen hori, Tvpik Kanaldudek egindako hainbat erreportaje ematen baititu.
LTDari buruzko informazioa www.tousaunumerique.fr webgunean aurki daiteke.
Komunikazioa
Itzalaldi analogikoa asteartean gauzatuko da Ipar Euskal Herrian
ETB1 hiru herrialdeetan ikusi ahalko da Fransat bidez, eta hemendik hilabete batzuetara ETB3 ikusiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu