Komunikazioa

Izokin prentsa, ibaian gora

Krisiarengatik, indartsu dabiltza ekonomia kazetak; horrek soilik ez du 'The Economist'-en arrakasta azaltzen, ordea

Edu Lartzanguren.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Txiste zaharra da, baina egunerokotasun handikoa: Bi arratoi hizketan: «Krisi, zer krisi? Milaka ume daude-eta estoldetan hilda». Prentsaren munduan ere batzuen krisia eta galera besteen aukera da. Ekonomia gaiak jorratzen dituzten izokin koloreko egunkariak eta paper distiratsuko aldizkariak oparoaldian daude azken urteotan. Horren kasu ikusgarrienetako bat The Economist da: inoiz baino ale gehiago inprimatzen ari da; mozkinak dezente handitu ditu aurten, eta harpidedunak gero eta gehiago ditu. Asmatzen ari da Londresko munduko astekaria, ala haizea du alde, besterik gabe?

Beraiek emandakoak dira, baina datuak potoloak dira: hiru milioi euro pasatxoko mozkinak lortu ditu The Economist-ek aurtengo lehen sei hilabeteetan, hau da, iaz baino %4 gehiago, publizitatearen gorakadarengatik. Horretaz gain, aldizkariaren edukiak plataforma digitaletan dituzten harpidedunak —ordenagailuetan, tabletan edo irakurgailu elektronikoetan—ehun mila baino gehiago dira jadanik. Hiru urte barru milioi bat lortzeko helburua jarri dio astekariak bere buruari. Askotxo eman dezake, baina paperezko milioi eta erdi ale inguru saltzen ditu kazetak mundu osoan (1.486.838 ale saldu ditu aurtengo lehen erdian, iaz baino %3 gehiago).

Arrakastaren arrazoiak

Kazetak estilo berezia erabiltzen du. Artikuluak ez daude sinatuta, ez badira iritzi zutabeak, lan bereziak edo gonbidatu baten testuak. Guztiak estilo berdinarekin daude idatzita, kazetari berak egin izan balitu bezala. Uniformetasun/keria hori orekatzeko, umore zorrotza erabiltzen du, testuetan zein irudietan. Esaterako, krisia bi hitzetan laburbiltzeko, «Oh Fuck!» esamoldea erabili zuen, 2008an, azal osoan. Jarrera gaitzetsi diote hainbatetan: sinadurarik gabe argitaratuz bere kazetariak zein gazteak diren ezkutatu nahi izatea egotzi diote, eta, aldi berean, horren bidez, Jainkoaren ahotsa balitz bezala hitz egin nahi izatea.

Ezin da esan, halere, astekariaren arrakasta ekonomia gaiek hartu duten garrantziarekin lotuta dagoela. Haatik, azken 50 urteotako joera da: 1956. urtean, 55.000 ale saltzen zituen, eta 2006an, krisia hasi aurretik, 1.100.000.

John Micklethwait da The Economist-eko editore burua 2006. urteaz geroztik, eta arrakastaren arrazoiak hiru direla uste du berak: estatu bati baino gehiago, mundu osoari begira idazten du astekariak, eta, hortaz, globalizazioak mesede egin dio. Horretan, ingeles hizkuntza munduan zabaldu izanak lagundu dio. Horretaz gain,dio prentsa lasaiago irakurtzeko tresnak —tabletak eta irakurgailu elektronikoak— ondo egokitzen direla astekariaren artikulu luzeko formatuarekin.

«Beste argitaratzaile askorentzat ez bezala, digitala guretzat ez da zero mozkineko kontua», dio Andrew Rashbass-ek, Economist Groupeko buruak. Hilero zazpi milioi bisitari izaten du kazetaren webguneak, urtetik urtera %45 gehiago.

Globalizazio hitza ahotan harro hartu arren, Big Ben baino ingelesagoa da The Economist. Langileen artean, 75 kazetari inguru ditu, eta horietako bi herenak Ingalaterrako hiriburuan bizi dira.Pearson taldeak ditu The Economist Group enpresako akzioen erdiak (Financial Times ekonomia kazeta argitaratzen du talde horrek). Gainontzekoa, akziodun pribatuen esku dago, tartean, langileetako batzuk eta Ingalaterrako Rothschild familia, zeina bankuen negozioan dabilena.

Ingeles harrokeria eta esnobismoa egotzi izan diete The Economist egiten duten Oxforden eta Cambridgen ikasitako idazleei, eta zalantzan jarri dute profezirako duten ahalmena. Euroa «aste batzuk barru leher daiteke», esan du Jainkoaren ahotsak azaroaren 26ko alean. Espero dezagun kritikook zuzen ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.