Eskuratuta dauzkagun zenbait eskubide galtzen ditugunean konturatzen gara. Askotan, eskubideen murrizketak interes orokorraren kontra eta gutxiengo baten mesedetan lan egiten dutenek bultzatzen dituzte. Hala ere, batzuetan eskubideak birpentsatu behar izaten dira testuingurua aldatzen den kasuetan, eta beste batzuetan eskuratu, beti bezala borrokaz.
Azken asteetako albisteek pribatutasunaren aurkako etengabeko erasoen berri ematen digute. Facebookek aurreko astean bere tresna utzi duten erabiltzaileak ez diren pertsonen informazioak gordetzeagatik isun bat jaso zezakeela jakin genuen. Aste honetan, berriz, Bruce Schneier segurtasun adituari esker, jakin dugu Facebookek kontuan sartuta ez dauden erabiltzaileen informazioa metatzeko aukera ematen duen patente (http://tinyurl.com/20110231240) eskari bat egin duela. Eta, oraindik ere larriagoa dena, Facebook erabiltzaile ez diren pertsonei ere jarraitu ahal izango die tresna horrek. Ez da kasu bakarra; enpresa zentralizatu hauen datuak metatzeko joera ez da berria, baina azkenaldian lotsarik ere ez dute erakusten. Zer hobe diruaren trazari jarraitzea baino guri buruz informazio gehiago izan ahal izateko? Hori daVISAk eta Master Card-ek pentsatu dutena (http://tinyurl.com /visa-mastercard-ads). Gure transakzioei erreparatu eta erosten duguna erabiliz publizitate egokituago bat emateko tresnak saldu marketin konpainiei.
Ez da kasualitatea Wikileaksi bere diru iturri gehienak mozteko aukera izan dutenak izatea (http://wikileaks.org/blockade). Diru emaria moztearekin lortu dutena adierazpen askatasunari erasotzea izan da, gainera; aurrekari larria denontzat. Etorkizunean honetarako aurreko batean aipatutako BitCoin moneta kriptografikoa alternatiba bat izan daiteke, orain inoiz baino gehiago txanpon fisiko ere bihur baitaiteke (https://casascius.com/).
Beraz, arazoa ez da eskubide batzuen falta, ez eta zein etika duten enpresa horiek, baizik eta zenbateko boterea metatzeko gaitasuna duten eta zeinen mesedetan. Horregatik diote beldur Interneti, beren kontroletatik kanpo egituratzeko aukera ere ematen duen tresna bat baita. Guztiz kontrolatu ezin daitekeen gune bat, hori baliatuz inoiz baino beharrezkoa da alternatibak sortzea; untxi zuriari jarraitzea (http://youtube/ Smwrw4sNCxE).
Komunikazioa. Irlen sarea
Jarraitu untxi zuriari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu