Azkeneko urteetan telebistarako AEBetan eta Erresuma Batuan egindako telesailak asko hobetu dira, aditu gehienen ustez. Iritzi berekoak dira Katixa Agirre, Koldo Almandoz, Harkaitz Cano, Irati Jimenez, Goizalde Landabaso eta Xabier Mendiguren Elizegi. Horietako bakoitzak telesailen gaineko testu bat idatzi du Txalaparta argitaletxearen Telezailak. Nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? libururako. Hainbat genero ukitu dituzte, eta bakoitzak bere telesail kutunen zerrenda ere egin du. Mikel Sotok koordinatu du argitalpena, eta jendaurrean aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.
Liburuaren hitzaurrean, Prison Break-ekin duen harremana kontatzen du Soto editoreak. Eta, berak dioenez, liburua «modu natural batean» sortu zen. Parte hartu duten beste lagunekin telesailen gainean hitz egiten zuen maiz. Eta uste du Telezailak moduko liburuekin euskal irakurleari «zerbait ezberdina» eskaini behar zaiola, «erdal liburuetara joan ez daitezen».
Koldo Almandozek gaiztakeriaren gaia jorratu du testuan: «BBCren Dentro del laberinto (Into the Labyrinth) telesailean sorgin batek halako lilura erotiko bat sortzen zuen. Gaiztoen lilura pertsonaia hark sortu zidan, gaztetxoa nintzela». Zinemagilearen ustez, gidoilariak konturatu dira gaiztoek sortzen duten liluraz. «Horiek erakartzen gaituzte, eta gaiztoek erakusten digute guztiok dugula haiengandik zerbait». Kutsu beltzezko telesailak, halaber, asko hobetu dira, haren iritziz, eta horren adibide dira The Wire eta The Sopranos.
Goizalde Landabasok zientzia fikzioa landu du liburuan, eta, bereziki, Fringe telesaila aztertu du. Gaur egun garai batean baino telesail hobeak daude, Radio Euskadiko kazetariaren arabera: «Gainera, ikusle aktiboak eta burutsuak eskatzen dituzte. Batzuk oso literarioak dira, eta ematen du liburu bat irakurtzen ari zarela».
Irati Jimenezek bere burua telesailen «junkie eta friki» gisa definitzen du. 15 urte zituela Londresera joan zenean, ordea, konturatu zen denda osoak zeudela telesailen frikientzat. The X-files telesailaz idatzi du liburuan, batik bat Mulder eta Scully pertsonaien arteko harremanaz. «Bi pertsonaia horien antzeko sexu tensioa sortzen dute hainbat telesailetan, denboraldiz denboraldi. Baina, nire ustez, arketipo misoginotan erortzen dira». Doctor en Alaska (Northern Exposure) telesaila da arketipo horietatik irteten diren bakanetakoa.
Zer irakurtzen da telesailetan?
Jimenezi bezala, Harkaitz Canori asko gustatzen zaio Northern Exposure telesaila. «Eskema asko hautsi zizkidan; surrealista eta literarioa zen». Komediak ere maite ditu, tartean WKRP in Cincinatti. Canok telesailetan irakurtzen diren liburuak aztertu ditu testuan. «Konturatu naiz azken urteetako telesail amerikarretan uste baino liburu gehiago irakurtzen direla. Eta askotan liburu horiek traman gero paper bat dute».
Xabier Mendiguren Elizegik Columbo telesailaren inguruan idatzi du libururako, eta bide batez 1970eko hamarkadari buruzko gogoeta bat eskaini du.
Katixa Agirre, berriz,1960ko hamarkadara gerturatu da, Mad Men telesailaren bitartez.
Donostiako atzoko solasaldian telesail anglosaxoiak izan zituzten hizpide batik bat. Harkaitz Canok, ordea, euskarazko fikzioarentzat garrantzitsua izan daitekeen balizko proiektu bat aipatu zuen: «Zurrumurrua dago hogei urteren osteanBi eta Bat ETBra itzuliko ote den, aktore berberekin».
Komunikazioa
Kalitatezko telesail anglosaxoien gainean idatzi dute sei sortzailek
'Telezailak' liburuan egile bakoitzak genero edo gai bati lotutako gogoetak plazaratu ditu, modu aske batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu