Iritsi da 60. Zinemaldia. Iritsi da Donostiako Maria Cristina hotelak logela dotoreenak irekitzeko ordua, Kursaaleko ate aurrean alfonbra gorria zabaltzeko unea, kaleak glamour usainez zipriztinduko diren momentu desiratua. Atrezzo guztiak prest, son handiko Hollywoodeko izarrei ongietorria egiteko. Eta tartean, ehunka hedabide zain, janzki ederrenak soinean. Mundu zabaleko eta Euskal Herriko irrati, telebista eta atari digitalak 24 orduz murgilduko dira jaialdian, une berezi guztiak bertatik bertara bizitzeko asmoz.
Donostiako Zinemaldiko hasiera ekitaldiarekin abiatuko da erakusketa mediatikoa. Zuzenean emango dute gala ETB1 eta La2 kateek, 21:00etan. Baita EITBren webgunean ere. Gala horren inguruko xehetasun guztiak sekretupean gordeta dauden arren, jakina da 60 urteko bidaia zirraragarria izanen dela, Zinemaldiaren historiako bizipenetan barrena. Barbara Goenaga, Cayetana Guillen Cuervo eta Jose Coronadok arduratuko dira inagurazioaz.
Zabaltze ekitaldiarekin hasita, EITBk zuzenean emango ditu aurtengo gala guztiak, ETB1 katean eta webgunean. Donostia sariak emateko hiru ekitaldi egingo dituzte: igandean, Oliver Stone eta John Travoltari emango diote saria; datorren ostegunean, Ewan McGregorri, eta hilaren 28an, Tommy Lee Jonesi. Azkeneko egunean, amaiera ekitaldian, Dustin Hoffman aktorea omenduko dute.
Telebista non...
Zinemaldiak 60 urte bete dituela ospatzeko, behar bezalako oihartzuna emanen dio ETBk. Gaur Egun eta Teleberri albistegien edizio guztietan, lan talde zabala ariko dira jaialdiko berri guztiak jasotzen. Elkarrizketak, erreportajeak eta zuzenekoak eskainiko dituzte. Oro har, arreta berezia jarriko diete Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmei, baita Donostiara etorriko diren pertsonaia ezagunei ere.
ETB2ko Euskadi Directo saioaren bi edizioek tarte berezia egingo diote: jaialdiaren inguruko bitxikeriak kontatu eta momentuko giroa ezagutzeko konexioak egingo dituzte. EITB Kultura saioak Zinemaldiaren inguruko edukiak jorratzen jarraituko du. Hurrengo astean, Kimuak saileko film laburrak izanen ditu hizpide.
...irratia han
Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere adi-adi begiratuko diote egun hauetan Donostian gertatuko den guztiari. Egunero, 11:30ean hasita, konexio bereziak egingo dituzte Miren Rubio berriemailearekin, protagonista eta jarraitzaileen iritziak ezagutzeko. Gainera, arratsaldero, Mertxe Ezeizak gidatuta, saio bereziak eskainiko ditu Euskadi Irratiak, 16:30ean hasita. Hainbat gonbidaturekin mahai inguruak egingo dituzte, analisiak, iritziak eta gogoetak ezagutzeko. Radio Euskadiri dagokionez, Felix Linares eta Marijo Valverde berriemaile bereziekin konexioak egingo dituzte egunero, albistegietan eta Boulevard, Grafitti, Ganbara eta Kultura.com saioetan, besteak beste. Twitterren #Zinemaldia etiketa ari dira erabiltzen jaialdiaz hitz egiteko.
Komunikazioa
Kasu Zinemaldiari, zapping eginez
ETB1 eta La2 kateek zuzenean emango dute gaur hasiera ekitaldia; oro har, tarte berezia eskainiko dio EITBk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu