Komunikazioa

Katalunia lokalagoa eta nazionalagoa

'El Punt' eta 'Avui' egunkariek bat egingo dute uztailaren amaierarako, paperaren krisira eta Kataluniako prentsaren paisaia berrira egokitzeko ezinbesteko mugimenduan.

Edu Lartzanguren.
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Garai nahasietan, indarrak batu. El Punt eta Avui egunkariak bat izango dira uztailaren 31tik aurrera. Prentsaren krisiak eta Kataluniako egunkari handienek katalanezko bertsioak argitaratzeko eginiko hautuak jarrera aldatzera behartu du alor osoa.

«Zergatik ez duzue lehenago egin? galdetzen digute irakurleek», dio Xevi Xirgo Avui-ko zuzendariak. Gauzak ondo bidean, Xirgok zuzenduko du bat-egitearen ondorioz sortuko den El Punt Avui kazeta. Eta aukera egokia dirudi, 47 urteko gironarra El Punt-eko zuzendariordea izan baitzen zazpi urtez.

Ezberdintasun nagusi bat izan dute bi egunkariok sotu zirenetik: El Punt Gironan sortu zen, 1976. urtean, eta tokian tokiko informazioa lantzea izan da haren kezka nagusia, eta eskualdez eskualdeko edizioak kaleratu ditu. Horrek eragin du hura izatea Girona herrialdean gehien salduriko egunkaria. Avui, ordea, egunkari nazionala izateko helburuarekin sortu zuten, 1979an, eta, batez ere, Katalunia osoko eta munduko informazioa eskaintzen zuen. «Espainia munduan sartzen dugu» adibidea jarri du Xirgok. Soilik lau orri zituen tokian tokiko informaziorako, eta Bartzelona ingurukoa baino ez zuen lantzen. Horren eraginez, diru aldetik El Punt zen indartsuena, eta Avui-k arazo kronikoak izan ditu.

Biak izatea, zentzugabekeria

El Punt-en jabe da Hermes Comunicacions elkartea, eta Avui-ren akzio guztiak erosi zituen 2009. urtearen amaieran. Halere, bi egunkariei eustea erabaki zuten orduan, biek harpidedun eta irakurle fidelak zituztelako. «Biekin jarraitzeak zentzurik ez zuela ikusi dugu denborarekin», dio Xirgok. Biek eskaintzen dutena osagarria dela ikusita, «zergatik ezkutatu baten irakurleari besteak ematen duena?». Izan ere, bazen urtebete bi egunkarietako langileek sistema informatiko bera erabiltzen zutela.

Hilaren amaieran sortuko den egunkari bateratuak bien izenak errespetatuko ditu, irakurle historikoei keinu gisa, baina Avui-ren diseinua hartuko du, «hobea» delako, zuzendariaren arabera. Ikusteko dago bat-egiteak nola eragingo dien kazetari eta langileei. Iazko ekainean, 128 langileetatik 56 kaleratu zituen Avui-k, langile batzordearekin adosturiko espediente batean. El Punt-en antzeko murrizketak egin dituzte.

«Lanpostuak galdu egin dira, baina horrek ez du zerikusirik bat-egitearekin», dio Xirgok. Murrizketa prozesua horren aurretik hasi zela eta prentsaren merkatuaren egoera orokorrarekin dagoela lotuta argudiatu du.

Klik-ak ezin jan

Krisiak eta estrategiez gain, Katalunian gehien saltzen diren egunkarien mugimenduek ere zerikusia izan dute prentsaren paiasaia aldaketarekin. Joan zen maiatzaren 3an La Vanguardia-k katalanezko bertsioa argitaratzeari ekin zion. Oraindik ez dago datu ofizialik, baina badirudi irakurleen erdia inguruk katalanaren alde egin dutela. El Periódico-k, berriz, katalanezko bertsioa du 1997tik, eta %40 inguruk irakurtzen dute. La Vanguardia-ren kasuan, kazetariak hautatzen du zein hizkuntzatan idazten duen artikulua. El Periódico gaztelaniaz idazten dute, eta gero itzultzen.

Xirgok dioenez, La Vanguardia-k irakurle gehiago lortu nahi zituen neurri horrekin, hasieratik katalanez argitaratzen duten kazeten kaltetan, baina harpidedun berririk ia ez dute lortu, eta zituztenen artean banatu egin dira bi hizkuntzatako argitalpenak.

Beste borroka eremua Interneten dago, egunkarien sarerako edizioetan. Horretan ere, El Punt eta Avui-ren bat-egiteak nagusitzen lagunduko duelakoan dago Xirgo. Halere, Ara egunkariari aurre egin beharko diote. Kataluniako paisaian zabaltzen azkena da Ara, eta Villaweb beteranoari ere Interneteko nagusigoa kentzea lortu du. Egitasmo berriaren helbidea Elpuntavui.cat izango da, eta Xirgok horretan buru izateari garrantzia kendu nahi dio. «Guk paperean izan nahi dugu nagusi», dio, «kliketan buru izateak ez baitu ezer ekartzen». Egunkariak «edukiak oparitzeko lasterketa» batean murgildurik daudela salatzen du. Horretaz hadabide guztiek hitz egin beharko dutela uste du, eta ados jarri. «Honek amaitu beharko du».

Paperezko egitasmo berriak tokian tokikoari eutsiko dio —10-12 orrialde Kataluniaz, orrialde gehiago beste sailetan eta edizio berezia Gironan—. Eta naziotasuna argi utziko du politika atal «indartsu batekin, Kataluniatik eta katalanez pentsatuta eta egina». Egunkari berriak 42.700 ale inguru saltzea espero du, 23.800 harpidedun izatea eta 300.000 irakurle izatea egunero. Baina horretarako ez da aski izango bien kopuruak gehitzea. Izan ere, badira orain bi egunkarietara harpideturik daudenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.