Euskalerria irratiko esataria izateaz gain, hainbat komunikabidetan kolaboratzen du Juan Kruz Lakastak (Jaca, Espainia, 1970).
Nola eta zertarako erabiltzen dituzu sare sozialak, bereziki kazetaritza arloan?
Twitterzalea naiz. Facebook ez zait gustatzen. Google Reader jada apenas erabiltzen dudan. Bat-bateko informazio iturri zoragarria da Twitter, baldin eta nori kasu egin ondo hautatzen baduzu. Aukera ere eskaintzen dit han eta hemen egiten ditudan kazetaritza kolaborazioak zabaltzeko. Alor profesionalaz gain, jakina, gozatu ere gozatzen dut.
Euskalerria irratian zer lan egiten duzue sare sozialetan?
Webgunea berritu dugu. Aldaketak egin nahi ditugu, eta, webgunean, irratiko grabazioez gain, Interneterako bereziki prestaturiko edukiak eskaini. Eta sare sozialetan, gauza bera. Uste dugu gure irratiak Twitterren ezin duela izan RSS jario hutsa. Erreferentzia interesgarria izan behar duzu Twitterreko erabiltzaileentzat. Horretarako, nago zenbait tabu hautsi behar direla. Esaterako, beste komunikabideen estekak ez tuiteatzearena.
Atzerrian zenbait komunikabidek berriz aipatzen dituzte beste kontuetako tuitak. Gure inguruan ez da halakorik ikusten.
Aurretik esandakoaren ildotik, nire ustez, ez dituzu bakarrik zure edukiak kolokatu behar. Euskalerria irratiaren gisako komunikabide batek nortasun propioa izan behar du Twitterren, eta sare horretarako propio pentsatutako tuitak idatzi behar dira. Eta elkarrizketan sartu ere bai. Irratian zabaldu ez dituzun gogoetak sare sozialetan zabaltzea ere egokia izan daiteke..
Joxe Rojasek esaten zuen umorea eta ondo pasatzea funtsezkoak direla jendea harrapatzeko. Zaldieroaren umorea ere zabaldu ohi da Twitterren.
Aitortu beharko dut Twitterrek nolabaiteko kaltea egin digula, lehen txiste txar publikoen halako monopolio bat genuelako. Eta orain Seriodemonio tartea idazten dugunerako gai jakin baten gaineko txiste txar guztiak eginak dituzte Twitterren. Ikuspegi ez horren geurekoi batetik, umorea sare sozialetan oso osasuntsua da. Tabu asko apurtzeko balio izaten du. Norbere buruaren barre egiteko eta tabu. Funtsezko elementua da, bai.
Gai serioago bati helduz, Nafarroako euskarazko komunikabideen egoera larria da. Sare sozialetan egin al daiteke zerbait haien alde?
Bai, dagoeneko adibide zehatzak baditugu. Euskalgintzatik egin daitezke gauza handiak sare sozialetan. Twitter euskalduntzeko bi kanpaina egin dira, Lander Arbelaitzek eta Joseba Kamiok sortuak, eta biak oso arrakastatsuak izan dira. Nafarroako euskarazko komunikabideen alde ere egonen da modua sare sozialetan gauzak egitea. Asmatzen baduzu, kanpainek etekinak eman ditzakete.
Berriketan.info sare sozialari dagokionez, kazetari nafar gutxik idazten dute bertan. Animatuko al zenituzke hor gehiago aritzera?
Animatuko nituzke bai, eta neure burua ere animatu beharko dut. Hauteskundeen bueltan aritu nintzen idazten Berriketan.info-n, baina aitortzen dut aktiboki gehiago erabili beharko nukeela. Nik uste dut BERRIAk asmatu zuela sare sozial horrekin. Apustu ausarta da, eta kuantitatiboki informazio jario oso interesgarria eskaintzen du. Badago Twitter eta Berriketan.info lotzeko aukera eta hori balia dezakegu.
Etorkizunari begira, nola ikusten dituzu euskarazko komunikabideak sare sozialen eta gailu eramangarrien munduan?
Komunikabideen paradigma krisia ekarri du Internetek. Denok gabiltza begiratzen negozio modeloa nola aldatzen den. Euskarazko komunikabideen artean nabarmenduko nuke Argia egiten ari den lana: webgune indartsua du, eta sare sozialetan presentzia nabarmena dute. Kazetari guztiei begira, formatu asko sortu beharko dira eta erredakzioen integrazioa. Baina horrek kazetariarentzat lan gehiago ekarriko du, diru berbera edo gutxiagoren truke.
Zer diozu sare sozialek ekar ditzaketen gauza txarren inguruan?
Metalaren birmoldatze industrial hura txiki uzten du kazetaritzan gertatzen ari den transformazioak. Ez dakigu etorkizunean zenbat kazetari biziko diren kazetaritzaz. Informazioaren monopolioa hautsi da, eta hori oso ondo dago. Herritarrek gero eta bitarteko gehiago dituzte iritzia emateko, une bizi eta txundigarria da. Baina sare sozialetan-eta askotan estekek komunikabide tradizionaletara zaramatzate. Nire galdera da: komunikabide euskaldunek eta ezkertiarrek bizirik irauteko aukera izango al dute? Horrek kezkatzen nau. Informazio ofizialaz aparte, beste aurpegi bat eskaintzen duten komunikabide tradizional txikiak beharrezkoak dira. Panorama kezkagarri baten aitzinean gaude, eta panorama mediatikoaren aniztasunaren txikitzea etor daiteke.
Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (XV). Juan Kruz Lakasta. Kazetaria
«Komunikabideek ezin dute Twitterren RSS jario hutsa izan»
Komunikabide txiki eta ezkertiarren iraupenarekin kezkatuta dago Lakasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu