Koprodukzioentzat garai ona dela ondorioztatu dute Series Manian

Lilleko telesailen jaialdia gaur amaituko da. Canneseries-ek erreleboa hartuko du, ostiralean

Series Mania jaialdian estreinatu ostean, atzotik Netflixen dago ikusgai Osmosis zientzia fikziozko telesaila. JESSICA FORDE.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Koprodukzioentzat unerik onenetakoan bizitzen ari gara». Endeavor Content konpainiako ekoizle Lorenzo de Maiok esan du —Killing Eve— Lilleko (Frantzia) Series Mania jaialdian, eta berretsi egin dute beste ekoizle batzuek ere. Jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu diren zenbait telesail horren erakusgarri dira: Arte kateak beste bost ekoizpen etxeren laguntza izan du Eden telesaila aurrera eramateko, eta Mytho telesailean Netflixekin batera aritu da Arte. Lillen aurkeztu dute egunotan, halaber, Monzon telesaila, Argentinako Pampa Filmsek eta AEBetako Disneyren artean ekoitzitakoa. Argentinako enpresa batek eta Frantziako beste batek ekoitzitakoa da Gloomy Eyes, errealitate birtualeko koprodukzio berezia. Gaur amaituko da Series Mania jaialdia; itxiera galan Amazon Prime Videoren Hanna telesaila proiektatuko dute—plataforman atzo jarri zuten—.

Endemol Shine ekoizpen etxeko gidoien arduradun Lars Blomgrenek, bestalde, nabarmendu du ingelesezkoak ez diren telesailek gero eta indar handiagoa izan dezaketela merkatuan. Haren ustez, Netflixek, HBOk eta beste plataforma batzuek onartu dute talentua erakarri behar dutela, eta horretan parte hartu. Endemol Shine Herbehereetan sortutako konpainia da, eta, gaur egun, Suediako eta Espainiako merkatuentzat ere ari dira ekoizten. «Indiako merkatua interesatzen zaigu, eta hango ekoizle batzuekin elkartzen ari gara», esan du Blomgrenek. «Txinan ere begia jarria dugu, proiektu garrantzitsu bat dugu han».

Egunotan, Lillen telesailen munduaren ertz desberdinak aztertu dituzte. Plataformetako arduradunak eta telesailen ekoizleek hainbat hitzaldi eman dituzte. Horietako batean, ostegunean, Black Mirror-eko sortzaile Charlie Brookerrek eta Annabel Jonesek parte hartu zuten. Eta, hain justu, Black Mirror-en distopia moduko bat frantziar erara kontatu dute Osmosis telesailean. Etorkizuneko Paris batean, aplikazio batek bikotekide perfektua bilatzeko aukera emango die erabiltzaileei. Lillen proiektatu dituzte Osmosis-en lehen bi atalak, eta, atzoz geroztik, Netflixen ikus daiteke lehen denboraldia osorik.

Cannes, Donostia, Iruñea

Series Maniaren ondotik, datorren ostiralean hasiko da Cannesen (Okzitania) Canneseries jaialdiaren bigarren edizioa. Sail Ofizialean, telesail hauek lehiatuko dira: Bauhaus-A ner era, How to Sell Drugs Online, Junichi, Magnus, Nehama, Déjate llevar, Studio Tarara, The Feed, Epidemiya eta The Twelve. Hasiera galan, Canal+ek Vernon Subutex telesaila aurkeztuko du—Virginie Despentesen trilogia arrakastatsuan oinarritutakoa—.

Euskal Herrian ere izango dira udaberri honetan telesailen jaialdiak: Donostian Crossover jaialdia egingo dute bigarren aldiz, maiatzeko bigarren astean; eta Iruñean, Connecta Fiction jaialdia egingo dute ekainaren 17tik 20ra. Europako eta Amerikako koprodukzioak ditu ardatz foro horrek. Aurreko bi urteetan Santiagon (Galizia) egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.