Frantziako La Tribune egunkari ekonomikoak atzo argitaratu zuen bere azkeneko zenbakia, enpresa sektoreko partzuergo bati saltzea erabaki zuten egun berean. France Economie Regions (FRE) eta Hi-Media taldeen esku geldituko da hemendik aurrera komunikabidea. Jabe berriek iragarri dute datozen hilabeteetan www.latribune.fr edizio digitalak martxan jarraituko duela eta apirila alderako astekari bat sortuko dutela. Astekari hori sortzeko zazpi milioi euro inbertituko dituzte. Lan taldean, berriz, egunkarian zeuden 165 langileetatik 50 baino ez dituzte mantenduko; gainontzeko 115ak langabeziara joango dira.
La tribune-k 27 urte egin ditu eguneroko prentsan. Hura desagertzea sektorearen krisiari egotzi diote: «salmenten jaitsiera, publizitatearen beherakada, banaketa kostuak eta Interneten eragina».
Egunkaria sei aldiz aldatu da jabez. 1993. urtean LVMH taldeak hartu zuen kazetaren kontrola. 2007an, ordea, talde horrek Les Echos erosi zuen eta Alain Weill enpresariari saldu zion La Tribune. Handik aurrera salmenta jaitsierak ez zuen etenik izan, abenduan porrota adierazi arte.
Komunikazioa
'La Tribune' egunkari ekonomikoa astekari bihurtuko da
Frantziako komunikabidearen 165 langileetatik 115 kaleratu egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu