Komunikazioa

LABek telemarketineko langileen aurkako manipulazioa salatu du

'Consumidores' saioan «zehaztasunik eza, zentsura eta langileria iraintzeko erraztasuna» izan direla dio LABek

Sektore feminizatua da telemarketinarena. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
ETB2 katean urriaren 19an emandako Consumidores saioan telemarketin arloko langileen inguruan emandako irudia ez zela ez objektiboa ez kontrastatua izan salatu du LAB sindikatuak. «Euskaltel, Iberdrola, Naturgas, Movistar eta Eroski moduko enpresen bezeroaren arreta zerbitzuei buruz solasean hasi eta telemarketineko langileen gaitasunik ezari, trakestasunari eta profesionaltasun faltari buruz hitz egiten bukatzea ez da legezkoa», adierazi du sindikatuak. «Aipatu enpresek beste batzuk azpikontratatzen dituzte zerbitzu horiek emateko. Sektore horretako langileei estatuko hitzarmenen lan baldintzak ezartzen dizkiete, eta ez dira Euskal Herrian bizi den errealitatearen isla», gaineratu dute.

Telemarketineko langileek urteko 1.764 ordu egiten dituzte lan, hileko 950 euroko soldataren truke. Aldi baterako kontratu eta obra bukaerako kontratu ugari daude sektore horretan eta kaleratze ugari izaten dira.

«ETB herri honetako enpresen publizitatetik jasotzen duen dirutzaren arabera aritzen da, informazio egiaztatua zabaldu beharrean», dio LABek. «Nahiago du ETBk horrela jokatu, korporazio handi hauen gaineko informazio egiazko eta kontrastatua eman baino. Eta egoera horren berri ez emateak egoeraren beraren konplize bihurtzen du erakunde publikoa».

Halaber, LABentzat ez da zilegi telemarketinean aritzen diren langileen ahotsa isilaraztea, «bezeroarenganako arreta zerbitzua horren gai korapilatsua denean».

Horregatik, sindikatu abertzaleak salatu nahi du telebista publikoaren «zehaztasun informatiborik eza, zentsura eta euskal langileria isekatzeko, iraintzeko eta gutxiesteko erraztasuna, bereziki telemarketineko langileen kasu honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.