Lau estreinaldi emango dituzte Crossover telesailen jaialdian

Hilaren 25etik 30era arte egingo dute ekitaldi hori, Donostian, makina bat gonbidaturekin

Crossover jaialdiko antolatzaileak atzo, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bosgarren aldia du aurtengoa Crossover jaialdiak, eta ohiko eskemari eutsiko dio apirilaren 25etik 30era bitarte; telesailak estreinatuz eta eztabaidak eta aurkezpenak eginez. Lau estreinaldi aurkeztuko ditu aurten. Proiekzio guztiak gazteleraz izango diren arren, izango da mahai inguruak eta hausnarketak euskaraz aditzeko aukera ere.Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta Kultur Factory kultur agentziaren laguntzarekin antolatu dute jaialdia. Tabakalera eta Koldo Mitxelena kulturunea izango ditu egoitza nagusi.

Hainbat gai jorratuko dituzte jaialdian egingo dituzten mahai inguruetan. Patxi Presa Crossover jaialdiko zuzendariak zera azaldu zuen atzo, aurkezpenean: «Plataformen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana, zientziaren eta umorearen presentzia telesailetan eta adikzioen irudikapena aztertuko dira».

Plataformek errotik aldatu dituzte bai zinemaren eta telesailen kontsumoa eta baita erakusketa eta ekoizpena ere. Eta, hain zuzen, aldaketa horrek hizkuntza gutxituetan zer eragin izan duen azalduko dute hilaren 27an, 18:30ean, Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak, Koldo Almandoz zinemagileak eta Marian Fernandez ekoizleak; Gaizka Izagirre kazetaria izango dute moderatzaile.

Pantaila txiki, umore handi izenburupean, umoreak telesailetan hartzen duen lekuaz jardungo dira azken egunean Mikel Pagadi umoregilea eta Amancay Gaztañaga aktorea. Leire Arrojeria kazetariaren gidaritzapean arituko dira biak ala biak Tabakaleran, 12:00etan.

Aurten, Crossoverrek telesailen kultura aztertzen jarraituko du ikuspegi desberdinetatik, eta publiko zabal bati zuzenduko zaio jaialdia. Ikus-entzunezko sektoreko plataformen produkzioaren erakusleiho izatea du jopuntu nagusi, eta, horretarako, dibertsioa eta eztabaida uztartuko ditu.

Presak atzo adierazi zuen «telesailen kultura berriaren foro garrantzitsuenetako bat» bihurtuko dela Crossover. Izan ere, telesailen gaurkotasunaren azterketa egiteko formatuak proposatuko ditu festibalak, «sendotze eta hazkunde bidea berreskuratu nahi duen edizio honetan».

Lau estreinaldi

Aurtengo jaialdian lau telesailen estreinaldia ikusi ahalko da, bost eguneko egitarauan; denak ala denak erdaraz, hala ere. Lehenengo egunean, hilaren 25ean, Movistar Plusek ekoitzitako El Inmortal telesaila estreinatuko dute Tabakaleran, 19:00etan. Gainera, bertan izango da saioan parte hartu duen Jon Kortajarena aktorea bera ere.

David Simonek HBO plataformarekin ekoitzitako We Own This City (Hiri honen jabeak gara) telesail berria ere aurkeztuko dute apirilaren 26an. Eta sorkuntza horren lehen kapitulua ikusteko aukera izango da Tabakaleran, 19:00etan. Hilaren 27an, Atresmedia taldeak La novia gitana telesail berria aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.