Libertyk Prisako 3.000 langile kaleratzea proposatu du

Juan Luis Cebrian Prisatik ateratzeko prestatzen ari da, eta Libertyk Santillana saldu nahi du

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Prisa komunikazio taldea langile murrizketa gogor bat ari da prestatzen. Nazioartean 14.000 langile ditu taldeak, eta horietatik 3.000 kaleratzea proposatu du Liberty AEBetako enpresak. Iazko martxoan Prisak akordio bat egin zuen Liberty Acquisition Holdings AEBetako enpresarekin. Akordio horren ondorioz, Libertyren esku gelditu ziren akzioen %57,7. Gaur egun akzioen %65 kontrolatzen ditu Libertyk.

Langileen kaleratzeaz gain, Libertyk Santillana argitaletxea saldu nahi du. Duela gutxi Prisak argitaletxearen %25 saldu zuen, 278 milioi euroren truke. Manuel Polancok Santillanaren beste %25 bat burtsara atera nahi du eta kontrolari eutsi. Libertyk, berriz, osorik saldu nahi du.

Prisa taldea azkeneko hilabeteetan desegiten ari da. Libertyren kontrola dago batetik, eta Tele5k Cuatro erosi izana bestetik. Hala, Silvio Berlusconik gero eta kontrol handiagoa du Prisako komunikabideetan.

Testuinguru horretan, taldean gizon indartsuenetako bat izan denak, Juan Luis Cebrianek, Prisa utziko du laster. Libertyren arabera, ekainerako utz dezake Cebrianek Prisa. Hainbat urtez akzio gehien izan duen pertsona izan da Cebrian. El País-eko aurreneko zuzendaria izan zen eta azken urteetan Prisako kontseilari ordezkaria izan da.

Bestalde, Digital+ enpresak aste honetan onartu du administrazio kontseilu berria. Telefonica eta Tele5 kontseiluan sartu dira, bakoitzak akzioen %22 bereganatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.