Zibergela

Megaupload webgunearen itxieraren ondorioak

SOPA eta PIPA legea atzeratu arren, kolpe handia eman diote AEBk Interneten edukiak partekatzeko azpiegiturari. Megauploaden itxiera eta horren ondorioak ikusi besterik ez dago.

Megauploaden itxierak hautsak harrotu ditu sarean. BERRIA.
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, aurreko aste osoan, AEBei eta pirateriari buruzko albisteek bete dute informazio esparru teknologikoa. Lehendabizi, Interneteko pirateriaren aurkako legeak SOPA eta PIPA albistegietan eta sare sozialetan pil-pilean ikusi ziren. Ondoren, lege horien kontrako aldarrikapenak; haien artean, Interneteko erraldoienak, Wikipedia, Facebook, Google eta, nola ez, Anonymous. Nazioarteko hacker taldeak AEBetako sei webgune garrantzitsu blokeatu zituen; AEBetako Justizia Sailarena, besteak beste. Lurrikara gertatu eta gero, AEBetako Senatuan eta Kongresuan bozkatzekoak ziren lege horiek bertan behera utzi zituzten. Baina, hori bai, lege horiek onartu gabe ere, zer egin litekeen irakatsi nahi izan diete Interneteko erabiltzaileei, eta Megaupload webgunearen itxiera izan da lehenengo ikasgaia, hain zuzen ere.

Megaupload zerbitzua

Megaupload eta, oro har, Megaword.com webgunean eskaintzen ziren zerbitzu guztiak Zibergelan azaldu ziren 2010eko abenduan. Hemen dago lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/12/10/megaworld-megaupload-eta-askoz-gehiago/

Baina, laburbilduz, esan daiteke Megaupload nork bere fitxategiak «hodeian» edo Interneten jartzea ahalbidetzen zuen zerbitzua dela edo zela. Oro har, fitxategi handiak jartzen ziren, posta elektronikoz bidaltzeko handiegiak zirenak. Jarritako fitxategi bakoitzeko lotura publiko bat sortzen zuen zerbitzu horrek, eta lotura hutsarekin partekatu ahal ziren hainbat fitxategi.

Webgune eta foro askotan, era horretan, copyrightek babestutako edukiak partekatzen dituzte; musika, filmak edo filmen zatiak, besteak beste. Edukiak partekatzeko era horri, deskarga zuzena deitzen zaio, beste erabiltzaileen menpe ez dagoelako fitxategi hori deskargatzea, eta zuzenean deskargatzen da erabiltzailearen ordenagailura. Gainera, deskargak automatizatzeko aplikazioak ere erabil daitezke; JDownloader (http://jdownloader.org/), adibidez.

Horrela, Internet erabiltzaile batzuk P2P bidezko sareak eta BitTorrent deritzenak ere ordezkatuz joan dira deskarga zuzenarekin.

Hala ere, zerbitzu horiek, oro har, eta Megaupload webgunea, zehazki, ez dira bakarrik erabiltzen eduki babestuak partekatzeko. Hainbat erabiltzailek jartzen dituzte horrelako zerbitzuetan posta elektronikoz bidaltzeko handiegiak izan daitezkeen fitxategi pribatuak edo babestu gabe daudenak. Horrela, haiek sortutako audioak, bideoak, argazkiak, eta abar familiakoekin edo lagunekin partekatzeko aukera izaten dute. Enpresa batzuek ere erabiltzen dituzte horrelako zerbitzuak helburu horietarako; arlo profesionalari begira, betiere.

Eta Megauploadeko fitxategiekin zer?

Lehen aipatu bezala, erabiltzaile askok beraien eduki pribatuak gordeta zituzten Megaupload zerbitzuan, eta eduki hori guztia FBIren esku dago, une honetan. Erabiltzaileek, ondorioz, ezin dute inon eskatu beraien eduki hori, eta ez dute inolako informaziorik. Alde horretatik, internauta eta kontsumitzaile elkarte batzuek azaldu dute fitxategi horiek berreskuratzeko eskubidea izan behar dutela erabiltzaileek. Oraindik ez da ikusten, baina, inolako argirik kontu honetan.

Antzeko zerbitzuen neurriak

Megauploadekin gertatu dena ikusita, Megaupload webgunearen antzeko hainbat webgunek zenbait neurri hartu dituzte, eta, arazoak saihesteko, zerbitzu ugari kendu dituzte. Adibidez, deskarga asko dituzten fitxategiak jartzen dituzten erabiltzaileei ordaintzeari utzi dio Fileservek. Halaber eduki babestua ezabatzen hasi dira.

Uploaded.to webgunearen arduradunak zorrotzagoak izan dira, eta zuzenean AEBetan emandako zerbitzua bertan behera uztea erabaki dute. Munduko beste estatuetan bai, baina AEBn ez dute zerbitzurik emango AEBetako sarbideak haien zerbitzarietan blokeatuta. Era berean, Filesonic zerbitzuak kendu du fitxategiak partekatzeko aukera; beraz, erabiltzaile bakoitzak berak jarritako fitxategiak besterik ezin izango ditu deskargatu.

Horrez gain, Internet erabiltzaileen artean mesfidantza dago, eta erabiltzaile askok eten egin dituzte webgune horietan zituzten ordainpeko zerbitzuak, eta beste asko ez dira ausartzen zerbitzu horiek kontratatzera, dirua galduko dutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.