Komunikazioa

Musika Mikel Markezekin eta poesia Jose Luis Padronekin, Euskadi Irratian

Euskarazko irratiak bihar hasiko du udako programazioa, eta 'Udan blai' eta 'Andiamo' itzuliko dira

Mikel Markez, Jose Luis Padron eta Itziar Aranguren izango dira Euskadi Irratiko ahots berriak uda honetan. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bi berrikuntza nagusi izango ditu uda honetan Euskadi Irratiko programazioak: Kaja beltza musika irratsaioa eta Lizardiren baratza poesiaren inguruko programa. Biak datorren astetik aurrera entzun ahalko dira euskarazko irrati publikoan.

Mikel Markez kantariak egingo du Kaja Beltza, astelehen eta astartean, 20:00etan. Bertan, euskal musikari buruz ikertu duena kontatuko du Markezek. Halaber, hainbat musikari gonbidatuko ditu irratiko estudioetara zuzenean kantatzera. Astearteko saioak unplugged-ak izango dira. Emanaldi horiek igandean berriz entzuteko aukera izango da. Lehen kontzertua Urko Menaiak emango du.

Jose Luis Padron idazleak, berriz, ostegunean aurkeztuko du Lizardiren baratza, 20:00etatik 20:30era. Igandean 22:00etan emango dute berriro. «Poesia berria entzuteko baratzea izango da programa», iragarri du Euskadi Irratiak. Hartara, poesia egiteko eta gogoratzeko une bereziak prestatuko ditu Jose Luis Padronek. Aipatutako bi saio berriak edozein unetan entzun ahalko dira EITB Nahieran atarian.

Bidaiak asteazkenean

Iaz bezala, Arkaitz Basterra eta Andoni Iturbe bidaiariek Andiamo saioa egingo dute, eta asteazkenean 20:05etik 20:30era izango da. Bertan, Basterrak eta Iturbek bidaia kronika bereziak egingo dituzte. Era berean, entzuleek bidaiatzera irten aurretik jakingarri guztiak jasoko dituzte.

Euskadi Irratiko udako programaziora itzuliko den beste irratsaio bat Udan blai izango da. «Entretenimendua eta udako kolore guztiak erakutsiko ditugu saio freskagarri horretan», azaldu du Euskadi Irratiak. Itziar Arangurenek gidatuko du saioa astelehenetik ostiralera, 12:05etik 13:00etara. Udako festa gehienetan izango da saioa. Hasteko, San Fermin egunean Iruñean ibiliko dira.

Aurreko urteetan bezala, bestalde, txirrindularitza eta estropaden zuzeneko emanaldiak izango dira. Hala, Frantziako Tourreko eta Espainiako Vueltaren etapa amaierak emango dituzte 16:00etan hasita. ACT ligako estropada guztiak ere emango dituzte asteburuetan.

Faktoria, Amarauna, Arratsaldekoa eta Hitza jolas saioak emango dituzte uda osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.