Reyes Prados. ETBko aurkezlea

«Muturrera eraman behar dira topikoak; bestela, akabo»

Irailean, 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioa estreinatuko du ETB2k. Zortzi euskal herritar Andaluziara joango dira, eta zortzi andaluziar Euskal Herrira. Prados izango da aurkezlea.

urtzi urkizu
2015eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
ETB2rako hainbat saiotan ibilia da Reyes Prados (Sevilla, Espainia, 1982). Egun, berriemaile dabil, Como en casa en ningún sitio programan. Euskaraz erantzun ditu galdera guztiak.

Pausoka eta Sequoia ekoizpen etxeak ETB2rako eta Canal Surrentzat ari dira prestatzen Tú al Norte y Yo al Sur saioa. Zer espero duzu formatu berritik?

Espero dut orain arteko tiraldiak irautea. Orain arte antzekoa egin dute, baina fikzioan, film edo telesail batekin. Kasu honetan, errealitatearekin jokatuko da, reality bat baita. Espero dut Euskal Herriko eta Andaluziako benetako nortasunak islatuko direla.

8 apellidos vascos filmaren arrakastaren ondotik, ez al da gehiegizkoa euskaldunak eta andaluziarrak lotzeko nahia?

Agian, apur bat bai. Baina filma lehen aldiz ikusi nuenean pentsatu nuen bazela garaia behingozjendeak jakiteko nola sentitzen nintzen lehen aldiz Euskal Herrira etorri nintzenean.

Umorea ere sartuko duzue ETB2ko saioan. Estereotipoekin jokatuko duzue aurrerantzean ere?

Bai. Topikoak beharrezkoak dira; bestela, akabo. Muturrera eraman behar dira topikoak; bestela, jai daukagu. Berdi gertatzen da gauza guztiekin. Hala eta guztiz ere, euskal herritar eta andaluziar ohikoez gain, beste profil batzuk lortzen ere saiatuko dira.

Tú al Norte y Yo al Sur zerbitzu publikoko saioa izango dela iruditzen zaizu?

Bai. Bi telebista publiko ados jarri dira horretan, eta horrek zerbait esan nahi du. Umoreak bere lekua du telebista publiko batean, beharrezkoa da. Umoreak ez du kalterik egiten; behintzat, saio honetan egingo dugun umoreak.

Allí abajo telesaila ikusi al duzu?

Asko gustatzen zait. Bi kulturak ondo ezagutzen ditut, eta kritikoa naiz. Adibidez, azentuekin oso zorrotza naiz. Hala ere, telesailean bi kulturetako herritarren esentzia jasotzen da. Telesailean agertzen diren pertsonaiak bezalako herritarrak existitzen dira.

Como en casa en ningún sitio saioan zabiltza orain. Ikusle datuak ez dira onak. Udazkenean segituko al du programak?

Ez dakigu. Udan, behintzat, segituko du: irailaren 4ra arte. Abuztu amaieran esango digute zerbait.

Duela urte bat, Cuadrilla busca cita saioa aurkeztu zenuen. Aste bat baino ez zuen iraun. Gogorra izan al zen bizi izandakoa?

Gogorra izan zen, noski. Lantaldea fede onenarekin hasi ginen lanean. Ni ilusioz nintzen, ez nuelako aurretik reality-rik aurkeztu. Kontu berria zen niretzat. Beti ikasten da zerbait. Baina nahiago dut gaiaz gehiegi ez pentsatu, oso desatsegina izan baitzen.

Ikusten al duzu zeure burua ETB1eko saio bat aurkezten?

Oraingoz, ez dut neure burua ikusten ETB1en saio bat aurkezten. Zuzenean bada, are zailagoa litzateke. Bat-batekotasuna beharrezkoa da, eta asko falta zait. Baina, etorkizunean, batek daki.

Aukera emango balizute, zer formatu aukeratuko zenuke?

Gauzak kontatzea oso gogoko dut. Berriak emango dituen saio bat egingo nuke, Euskadi Directo-ren moduko bat edo albistegi bat.

Azkeneko denboraldian, ETBren ikusle datuak ez dira onak izan. Zer falta zaio ETBri jende gehiagorenagana iristeko?

ETB1en zerbait egin behar dute arratsaldez. ETB2rako goizetan ere ahaleginen bat egin beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.