Irratian benetako istorioak kontatzeko tradizioa ahanzturan gelditu dela ematen du gaur egun. Baina nazioartean badira salbuespenak, zabaltzea merezi duten salbuespenak. Daniel Alarcon idazleak (Lima, Peru, 1977) sortutako Radio Ambulante proiektua bezalakoak. Fikziozkoak ez diren istorioak kontatzen hasiak dira aurten Latinoamerikako hainbat lagun, radioambulante.org webgunerako. Esate baterako, 2009. urteko Hondurasko estatu kolpea oroituz, Manuel Zelaya presidente ohiaren ahotsa entzun daiteke. Bere jaioterrian Zelayak bi urtez izandako borroka kontatzen du, bide batez.
Radio Ambulanteren sorrera nondik datorren ezagutzeko bost urtez egin behar da atzera. Irratiaren munduarekin lotutako Radio Ciudad Perdida eleberria idatzi zuen Alarconek. Eta handik gutxira, BBCk enkargu bat egin zion: dokumental bat egitea Limara joandako migrazio andinoaren gainean. Baina lana ingelesez egin behar zuen. Eta azken emaitzan, itzulpenean, «zerbait galdu» zela jabetu zen. Istorio batzuek bere hizkuntzan kontatuak behar dutela iruditu zitzaion, kasu honetan gaztelaniaz. Hortik sortu zitzaion kazetaritza narrazioak oinarri izango zituen irratia martxan jartzeko ideia.
Teknologia berriek eta Internetek ideia gauzatzerakoan asko lagundu diotela onartu du. «Bestela, ziurrenik ez litzateke hau posible izango». Munduko hamaika herrialdetan dituzte kronistak, gidoilariak, ekoizleak, soinu teknikariak eta editoreak. Finantzaketa lortzeko ere funtsezkoa izan zen sarea. Proiektuaren laguntzaileei esker, 46.000 dolar jaso zituzten lehen narrazioak jarri aurretik. «Internet gakoa izan zen, ideia on baten inguruan pertsonak biltzeko».
Carolina Guerrero emazteakhasieratik lagundu zion proiektuan Alarconi. Egun proiektuaren parte enpresariala gidatzen du Guerrerok. Haiekin batera, irrati munduan esperientzia duten lagunak bildu dituzte: Annie Correal, Martina Castro, Nancy Lopez eta Madalit del Barco.
Radio Ambulanteko edukiei dagokienez, atal bakoitzean gai jakin bat lantzen dute ahots ezberdinen bitartez. Maiatzean izan zen estrainekoa: Mudanzas. Movimiento, Migración y Exilio (Mudantzak. Mugimendua, migrazioa eta erbesteratzea). Lima, Bartzelona, New York, Honduras, Ipar Karolina eta Mexikoko istorioak kontatzen dira bertan. Horietako bat itzulerari buruzkoa da: Gabriela Wiener Peruko idazlea Bartzelonan bizi da gaur egun. Hamar urteren ostean, Limara itzuliko da Micaela laguna bisitatzera, bereziki krisi ekonomikoak bultzatuta. Aipatutako Zelayarena da beste bat.
Datozen hilabeteei begira, bestalde, Radio Ambulantek baditu gai batzuk erabakiak: berrasmaketak, izenak eta fedea. Datorren urtean hamar atal egingo dituzte, martxoan hasita.
'This American Life'-n estiloa
Alarcon peruarra da, baina AEBetan bizi da hiru urte zituenetik. Bai berak bai bere taldeko kideek erreferentzi garrantzitsutzat jotzen dute AEBetako irrati publikoak emititzen duen This American Life irratsaioa. Gaztelaniaz, ordea, halakorik ez dagoela sumatu zuten. Eta munduan milioika hiztuni begira tankerako formatuak eskaintzea da Radio Ambulanteren helburua.
Narrazioak Internet bidez zabalduko dituzte hasiera batean. Harago jotzeko leihoa ere zabaltzen hasi zaie: Etiqueta Negra eta Anfibia aldizkariekin kolaboratzen ari dira, istorioen bertsio idatziak argitaratzeko. «Prentsa idatziaren kalitatezko kroniken estetika irratira eramatea da funtsa», laburbildu du Alarconek. «Audioak aukera sortzaileak irekitzen ditu, prentsa idatzian oso zailak direnak». Lan horretan hobetzeko ahaleginean irrati kroniken tailerrak antolatzen hasi diraAmerikako hainbat hiritan.
Komunikazioa
Narrazioak uhin ibiltaritan
Daniel Alarcon Peruko idazleak sortutako Radio Ambulante Internet bidezko irratia bere bidea egiten ari da pixkanaka. Benetako kazetaritza istorioak kontatzea da irratiaren asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu