Komunikazioa

'Navarra Directo'-ko langileei hilabete batez luzatu die EITBk kontratua

Saioko lan taldeak salatu du EITBk «langileen agonia luzatzen» jarraitzen duela

Navarra Directo-ko langileak, sinadurak Eusko Jaurlaritzara eramaten. BERRIA / BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Foiletoi dramatiko baten itxura hartzen ari da Navarra Directo saioaren afera. Nafarroan ETBrako egiten den programa bakarraren iraupena kolokan dago azkeneko asteetan. Eta nahiz eta langileek 43.000 sinadura aurkeztu dituzten Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan, EITBko zuzendaritzak ez du erabaki argirik hartu.

Navarra Directo-ko 20 langileen kontratua bukatu baino hiru egun lehenago, EITBk programa beste hilabete batez luzatuko duela azaldu du. Urtarrilaren 31tik aurrera, saioaren eta langileen etorkizuna kolokan dago. Eta langileek adierazi dutenez, EITBk saioaren aurrekontuari egin nahi dion murrizketa garrantzitsuak langile askoren kaleratzea ekarriko du. «Navarra Directo-ren edukia eta kalitatea zalantzan daude otsailaren 1etik aurrera».

EITBk 'Navarra Directo'-ko langileen agonia luzatzen jarraitzen du izenburuko oharra igorri du lantaldeak. «Ondorio bezala, urte askotan Euskal Telebista ikusi nahi dutela erakutsi duten milaka nafarrenganako mespretxua dakar honek», salatu dute bide batez. «Langile bezala, gu ere mespretxatuta, erabilita eta gutxietsiak sentitzen gara. Gure lanpostuekin jolasten ari dira gure kontratuak inongo azalpenik gabe luzatuz». Langileen aburuz, EITBk, enpresa publiko bat izanik, ezin du jokatu aldi baterako enpresa bat bezala, hilabetez hilabete kontratuak luzatuz.

EITBko zuzendaritzari seriotasuna eskatu diote langileek, «eta ahalik eta azkarren behin betiko erabaki bat har dezala». «Halako kontratuen luzapenekin, itxaropena eman beharrean, hasieratik politikoa izan den erabaki bat atzeratzea besterik ez da lortzen». Nafarroan ETB LTD bidez jasotzeko aferak harreman zuzena du saioaren egoerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.