Komunikazioa

'Navarra Directo' uztail arte izango da, baina aurrekontuaren laurdenarekin

LABek saioa mantentzea eskatu du, «ixtearen atzeko interes politikoak» salatzearekin batera

Itziar Lumbreras Navarra Directo saioko aurkezlea. Nafarroan ETBrako egiten den saio bakarra da. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Nahiz eta behin betiko erabakia oraindik ez duten hartu Begira Comunicacion ekoizpen etxeak eta EITBk, Navarra Directo saioak uztailaren 15era arte bakarrik iraungo duela ematen du. Hori bai, EITBko zuzendaritzak behartuta, aurrekontuaren laurdena izango du programak urtarriletik aurrera. «Iraupenari eutsiko zaio, 20 minutu, baina ez dakigu zenbat langile geldituko garen kalean», azaldu dio saioko langile batek BERRIAri. Une honetan Begira Comunicacion ekoizpen etxea aurrekontu txikiko programaren eredua aztertzen ari da, EITBri aurkezteko.

LAB sindikatuak, berriz, salatu du Euskal Irrati Telebistak Navarra Directo bertan behera utzi nahi duela 2012. urterako. 1998. urteaz geroztik, Nafarroan eta Nafarrorako ETBn egiten den saio bakarra da, eta ETBko saiorik zaharrenetakoa. «Hala ere, eta ordezkari politikoen utzikeriagatik, programa itxi eta 20 langile kalean geratuko dira. Aitzakiak: Nafarroan ikusle kopurua asko jaitsi dela, eta horrek diru galera dakarrela». Baina LABek azaldu duenez, zuzendaritzak badaki horren arrazoi nagusia Nafarroan EITB LTD bidez ikusteko zailtasuna dela. «Nafarroan EITB kate guztietako ikusle potentzial asko dago, eta hori indartzeko interesa izango balute, inbertsioa egingo lukete bide horretan». Sindikatuaren iritziz, erabakiaren atzean interes politikoa dago. «Nafarroa EITBtik ezabatzeko interesa, hain zuzen ere. Esan bezala, ukaezina da Nafarroan sentimendu euskalduna handia dela, eta uste dugu eskaintzak errealitate horri erantzun beharko liokeela».

Bestetik, LABek EITBko ordezkariak zoriondu ditu, egindako babes lanagatik. Batzordeak aho batez onartu du itxieraren eta kaleratzeen kontrako idatzia. «Era berean, Navarra Directo egiten duten langileei gure babes guztia adierazi nahi diegu, eta egiten ari diren lan guztia txalotu. Asteak daramatzate haien egoera salatu eta atxikimenduak lortzen, eta mobilizazioei esker lortu dute programaren amaiera data atzeratzea».

Navarra Directo ixteko ahalegina dela eta, LAB sindikatuak EITBren jarrera salatu nahi du. «Eta argi utzi nahi dugu horrelako partxeekin ez dutela benetako arazoa konpontzen. Zuzendaritzak, dinamikaren indarra ikusita, hori proposatu du langileak ahuldu eta programaren itxiera eta kaleratzeak bi fasetan egiteko».

LABek arduradun politikoei berehalako irtenbidea exijitzen die, «langileen eskubideak eta Nafarroan ETB ikusi nahi duten milaka nafarren eskubideak bermatzeko». Era berean, dei egiten die langileei eta gizarte osoari bide berean lanean jarraitzeko eta haien eskubideen aldeko oihua ozen entzunarazteko.

ETBn ordezkari gehien duen sindikatuak bi aldarrikapen egin nahi ditu: «Navarra Directo saioa mantentzea, haren egitura tekniko eta langile guztiekin, eta EITBko kate guztiak Nafarroa osoan LTD bidez hartu ahal izatea».

Hilaren 17an elkarretaratzea

Euskal gizartean babes zabala jasotzen ari dira Navarra Directo saioko langileek. Horren erakusgarri, azkeneko asteetan jaso dituzten 30.000 sinadurak (sarean eta paperean). Sinadura guztiak datorren astean Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko dituzte.

Horrez gain, langileek elkarretaratze bat antolatu dute hilaren 17rako, haien egoera salatzeko. Iruñean izango da protesta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Saioa mantentzearen alde sinatu nahi duenak www.navarradirecto.tv webgunean egin dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.