«Parisen egon ahal izatea amets bat da »

2024ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan egon daitezken euskal kirolariak elkarrizketatzen ditu Iñaki Berastegik 'Olinpia' saioan. Podcast plataforma guztietan daude saioak eskuragarri.

JON URBE / @FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Iñaki Berastegiren (Urdiain, Nafarroa, 1994) begiak milaka kirol proba ikusitakoak dira. Lau urterik behineko udako olinpiar jokoen menpe pasatzen zituen horietakoa zen Berastegi gaztetan. Orain, urte batzuk geroago, EITBko Olinpia podcastaren aurkezlea da.

 

Urte bat eta aste bat falta da Olinpiar Jokoak hasteko. Zer helbururekin sortu duzue podcasta?

Saioaren helburu nagusia 2024ko Parisko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan egon daitezkeen kirolariak orain nola dauden jakitea da.

Nondik dator proiektuaren ideia?

2019an, Tokioko jokoak izan behar luketen baino urtebete lehenago, EITBk Jon Altuna lankideak gidatzen zuen Amets Olinpikoa programa aurkeztu zuen. Olinpia saioaren oso antzeko egitura zeukan: udako asteburu goizetan elkarrizketa bi publikatzen ziren Euskadi Irratian. Formatuak oso ondo funtzionatzen zuela ikusita, bide horretatik jarraitzea erabaki da.

Formatu berrietara egokitzeko gaitasuna badaukazu. Youtuben ere ibilitakoa zara.

Pandemia garaian komunikatzeko tresna bat bihurtu zen Youtube niretzat. Teknologiarekin saltsan ibiltzea gustatzen zaidan heinean, beti egon naiz euskarri berrietara zabalik. Hala ere, inongo dudarik gabe, irrati tradizionala maite dut gehien, zuzenekoak konkretuki.

Zer datorkizu burura Olinpiar Jokoak aipatzean?

Lehen oroitzapenak 2004an Atenasen ospatutako Olinpiar Jokoetakoak badira ere, bi une ahaztezin dauzkat bihotzean gordeta: lehena, Samuel Sanchez, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, 2008an Pekinen lortutako garaipena; bigarrena, Maialen Chorrautek 2016an Rion lortutako urrea.

Zeren inguruan hitz egiten da saioetan?

Komunikazio helburu nagusi batekin egiten ditugu saioak: kirol bakoitzean Olinpiar Jokoetarako sailkapena nola lor daiteken azaldu nahi diogu entzuleari.

Non entzun daiteke podcasta?

Podcast plataforma guztietan dago eskuragarri: EITB Podkast, Ivox, Spotify, Google Podcast eta Apple Podcasten aurki daiteke. Gainera, plataforma digitaletan saretu aurretik, Euskadi Irratian publikatzen da asteburu goizetan. Horrez gain, Instagramen ere elkarrizketa zatiak jartzen ditugu, ikusleak elkarrizketetara bideratzeko asmoz.

Ionen eta Pelloren Tourra ikusita, garaipenak oparitzen al dizkiezue gonbidatuei?

Nik ere broma bera egiten dut. Kontuz oraindik, Frantziako Tourrean izango den emakume txirrindulariren bat ere elkarrizketatu dugu eta.

Garaipenei dagokienez, domina gehien dituen euskal herritarra izan duzue gonbidatu gisa: Maialen Chorraut.

Maialenekin hitz egitea oso erraza izatean da, asko errazten dizkigu lanak. Gainera, Chorrautekin oroitzapen oso onak ditut. Izan ere, Tokion zilarra lortu zuenean, lehenengotarikoa izan nintzen bera elkarrizketatzen. Olinpiar Jokoak modu obsesiboan prestatzen dituztenetarikoa da. Elkarrizketako zailena saioa 25 minutura laburtzea izan da

Nahia Zudairek paralinpiarren hainbat bitxikeria kontatu zizkizun. Beste mundu bat da, ezta?

Askok ez genizkien gauzak kontatu zizkigun Nahiak. Paralinpiarretan sailkapen fasea zertan desberdintzen zen ikasi nahi genuen, eta ezin hobeto azaldu zituen. Haren elkarrizketa eta etorkizunean publikatu dugun Iñigo Llopisena dira desberdinenak.

Kirolari eta kazetari askoren ametsa dira Olinpiar Jokoak. Zurea ere bai?

Esan beharrik ez dago baietz. Kirol arloko txapelketen artean garrantzitsuenen artean dago, eta, aurton, etxetik hurbil izanda, gustatuko litzaidake bertan izatea. Hemendik ikustea polita da, baina bertatik bertara bizitzea ikaragarria izan behar da.

Publikatzear daudenetatik zeinek egiten dizu ilusio handiena?

Asier Martinezi egindakoak egiten dit ilusio berezia. Saioa eman zidatenean, Martinez eta Chorraut egotea ezinbestekoa ikusten nuen. Oso pozik nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.