Telebistako reality-ak ikusten dituzten neskak gezurtiagoak, kontakatiluagoak eta gaiztoagoak dira, AEBetako Girl Scouts erakundeak egin duen ikerketa baten arabera. 11-17 urte bitarteko nesken artean makro-inkesta bat egin dute, eta ondorioek azaleratzen dute reality-ek nerabeen burua nahasi egiten dutela.
Ikerketaren arabera, lau neskatik hiruk pentsatzen dute Big Brother tankerako programak «benetakoak eta gidoirik gabekoak» direla. %86k pentsatzen dute, bestalde, lehiakideak haien artean haserrarazi egiten dituztela interesgarriago bilakatzeko. %73k uste dute horrelako programek sinetsarazten dutela borrokan aritzea harreman erromantiko baten parte normala dela.
Ikerketako galderak erantzun dituzten neskak reality-ak ikusten dituztenen eta ikusten ez dituztenen artean banatu dituzte. Saio hauek kontsumitzen dituztenen artean %78k pentsatzen dute txutxumutxuka aritzea zerbait normala dela nesken harremanetan. Portzentajea %54ra jaisten da reality-ak ikusten ez dituztenen artean.
Reality-en ikusleen artean %68k pentsatzen dute neskek berezkoa dutela haien artean lehiakorrak izatea —saio hauek ikusten ez dituztenetan %50ra jaisten da ehunekoa—. Reality ikusleen %63rentzat zaila da beste neska batengan konfiatzea; ikusle ez direnen %50ek uste dute hori.
Saio hauen ikusleen erdiek diote zoriontsuagoak direla bikotekideak edo maitasun harremanak dituztenean. Reality-ak ikusten ez dituztenen artean, soilik %28k pentsatzen dute hori.
Reality zaleen %72k aitortzen dute denbora asko pasatzen dutela beren itxura zaintzen; ikusle ez direnen artean %42k onartzen dute hori. Itxuraren gaiari dagokionez, Ion Arruabarrena psikologoak dio gizartea aspaldidanik dela edertasun kanonen gatibu. «Eta denok egiten dugu ahal duguna parametroetatik ez aldentzeko. Horrek nerabezaroan garrantzi berezia hartzen du, segurtasun falta modarekin bat datorrenarekin kamufla baitezake, nortasun nerabea nolabaiteko ziurtasunez makilatzeko».
Ikerketaren beste ondorioetako bat da reality zaleen herenek baino gehiagok uste dutela neska baten balioa bere itxuran dagoela. Psikologoak dioenez, kontuan hartu behar da nerabea azalberritzen ari dela. «Haurtzaro eroso eta eramangarria atzean utzi, eta sentimendu eta emozioen zurrunbiloan sartua da bete-betean. Bestetik, bestearengan islatuta ikusten du bere burua. Eta normala izan da berarentzat reality-ak eztabaida saioak baino zirraragarriagoak izatea».
Ikerketak ematen dituen datuei erreparatuta, Arruabarrenak dio nerabeei buruz aritzean gurasoei, eskolari eta komunitateari buruz ere ari garela: «Hau guztia nola osatzen den, ezberdina izaten da emaitza. Saioen eragin kaltegarriarekiko guztiz sentiberak diren gazteak aurki ditzakegu, baina baita horiekiko distantzia kritikoa hartu eta baliagarri zaiena».
Beste ikerketa batzuek diote neska gehienek ez dutela bortxakeria gordinki erabiltzen, zeharka baizik. «Horrek, agian, esan diezaguke reality saioak ez direla erabakigarriak nerabeen arteko arazoetan, haien joerak moldatu eta sustatzen dituen arren», dio psikologoak.
Komunikazioa
'Reality'-ek 11-17 urteko neskak nahasi egiten dituzte, ikerketa baten arabera
AEBetako nerabeen %78k pentsatzen dute txutxumutxuka aritzea zerbait normala dela nesken harremanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu