Argia.com webgunean ideia berriak txertatu ditu Lander Arbelaitzek (Donostia, 1985). Hark kudeatzen ditu Twiterren Argia, Dokumentalak Euskaraz tartea, Beranduegi WebTV saioa eta Larrun gehigarriko kontuak.
Noizko lortuko da Twitter euskaraz?
Data zehatzik jartzeko ez naiz gai, baina %100ean esan dezaket lortuko dela. Ziurrenik katalanek guk baino lehenago lortuko dute. Eta une horretan adi egon beharko du euskal komunitateak momentua aprobetxatu eta aldarrikapena gehiago zabaltzeko. 1.900 sinadura lortu dira orain arte, eta euskaldun guztiek behin sinatuta, nahikoa ez bada, kanpoko babesa ere lor daitekeela uste dut. Adibidez, Xabi Alonsok milioi bat jarraitzaile ditu, eta nahikoa litzateke hark berriro kanpainarekin laguntzeko eskatzea atxikimendu mordoa lortzeko.
Nola hartu duzue sare sozialetan aritzeko lana Argia.com-en?
Sare sozialak zabaltzen hasi zirenean, ez zegoen argi komunikabideek nola erabil zitzaketen. Argia.com-eko kontuak zabaldu nituen Facebooken eta Twitterren, kazetarien artean ere oraindik argi ikusten ez bazen ere. Berehala konturatu ginen oso tresna eraginkorra zela publiko batengana zure edukiak eramateko. Egun ezinbesteko pauso bihurtu da kazetari batek erreportaje bat idazten duenean lotura Facebook eta Twitterren zabaltzea. Iritsi gara une batera non zabalpen hori egiten ez baduzu ia lana egin ez bazenu bezala den. Honek guztiak balio izan digu aldizkaria sozializatzeko. Egun Argia.com-era etortzen diren bisiten ehuneko handi bat Facebook eta Twitterretik datoz. Horregatik erabaki genuen kazetari guztiek Twitterren kontua irekitzea. Irakurleekin komunikatzeko ere tresna ona da.
Beranduegi saioa ere egiten duzue. Zabalpen nahikoa al du produktu horrek?
Iristen dena baino askoz jende gehiagorengana irits daitekeela iruditzen zait, produktua ona eta berritzailea delako. Horretan zerbait hobetu beharko dugu. Hamaika Telebistan eta Goienan ere emititzen dute, eta, beraz, ez dakigu zehatz zenbat ikusle dituen. Orain hasi gara Beranduegi-ko txiste batzuk Twitterren botatzen, giroa sortzeko. Dena den, saio horretaz fruitu gehiago jaso dezakegula iruditzen zaigu.
Argia-ko kazetari batzuk fin aritzen dira Twitterren mezuak idazten. Baina horrek ez du dirurik ematen.
Ez, bere horretan ez du dirurik ematen. Baina Argia-ko kazetariaren lanetako bat bihurtu da, webguneko albisteak idaztea bihurtu den bezala. Beste esparru eta lan tresna bat da. Kontua ez da dirua ematea ala ez, kontua da Twitter zure edukiak zabaltzeko tresna eraginkorra dela. Kazetariaren esku dagoen beste tresna bat, informatzeko balio duena. Horrez gain, agian hortik jendea Argia.com-era joango da edo Argia-ren presentzia nabarmentzen da. Hori positiboa da.
Luistxo Fernandezen arabera, euskaldun gutxi daude Twitterren beste herrialde batzuekin alderatuta. Iritzigile asko falta direla ere kexu da.
Gero eta iritzigile gehiago badaude, euskal erabiltzaileontzat are hobeto. Aurrekoan Imanol Murua Uriak beste kazetari batekin zuen elkarrizketa irakurri nuen, eta gozamena izan zen. Niri ez zait iruditzen euskaldun gutxi gaudenik.
Facebooken egiten den erabileraz zer pentsatzen duzu?
Kontu pertsonala badut, baina gero eta gutxiago erabiltzen dut. Argia-ren kontua beste gauza bat da, ezin zaio uko egin. Potentzial handia du, albiste baten lotura jarri eta bi mila pertsonengana iristen zarelako. Facebook da publiko gaztea Argia-ra produktu gisa hurbiltzeko tresna eraginkorrenetako bat.
Euskaraz idazten dutenentzat garrantzitsuak dira sare sozialak?
Bai, dudarik gabe. Gainera, gurearen moduko kultur minorizatu batentzat inolako zentsurarik ez duen bozgorailu bat dira, erabiltzen asmatuz gero, ohiartzuna izaten lagun diezazukena. Kukutzakoek, adibidez, YouTuberekin, jakin dute oso ondo Interneten borrokatzen eta euren borroka sozializatzen.
Sare sozialetan badira norbere datu eta argazki pertsonalegiak jartzen dituztenak. Ba al dago kezkatzeko motiborik?
Bai, iruditzen zait jende askok Facebook erabiltzen duela bi aldiz pentsatu gabe. Azkenean zure bizitzaren datu gehiegi uzten ari zara hor, goizago edo beranduago arazoak ekarri ahal dizkizunak. Imaginatu Facebooken parrandako mila argazki dituzula eta lan bila zoazela elkarrizketatzaileak zure argazki horiek ikusten dituela. Edo ideia politikoen kasuan ere, harrotasunez eta bere ondorio guztiekin jartzen badituzu ideiak, ondo. Baina arriskua dago nahi gabe edo beste norbaitek zuri buruzko datuak eta iritziak jartzen baditu, zure baimenik gabe.
Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (II). Lander Arbelaitz. 'Argia.com'-eko erredaktoreburua
«Sare sozialak oso tresna onak dira kazetarien edukiak zabaltzeko»
Twitter euskaraz lortzeko kanpainaren sortzailea da Arbelaitz. Lortuko dela argi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu