Komunikazioa

'Seigarren uztaia' saioa egingo dute eguerdietan 'Berria.info'-n, gaur hasita

Olinpiar Jokoen historian aurreneko aldiz, hiru dimentsiotan ikusi ahalko dira proba batzuk, BBCri esker

urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoen berri irratiz, telebistaz eta Internet bidez izan ahalko da gaurtik aurrera. Honatx komunikabide batzuen informazio eskaintza:

'Berria.info'

Aurreneko aldiz, BERRIAk Olinpiar Jokoen gaineko telebista saio bat egingo du. Egunero, Gorka Erostarbek aurkeztuko du Seigarren uztaia saioa, 12:00etan—igandeetan izan ezik—. Imanol Magro eta Unai Zubeldia berriemaileek Londrestik parte hartuko dute; Alazne Salcedok prentsari begiratu bat emango dio, eta Danel Agirrek umorezko piezak egingo ditu Berlindik. Kirol solasaldian, Enekoitz Telleria, Andoni Urbistondo, Julen Etxeberria, Ainara Arratibel eta Igor Susaeta izango dira. BERRIAko erredakzioan egingo dute programa, eta bertan gonbidatuak izango dituzte. Gaur, Gorka eta Ion Izagirre txirrindulariak gonbidatuko dituzte. Saioak amaiera musikala izango du: Londresekin lotura duten taldeak eta kantak hautatuko dituzte horretarako. Bestalde, BERRIAren paperezkoan, egunero hamabi orrialdeko gehigarri bat argitaratuko dute, eta bertan euskal kirolariek leku nabarmena izango dute. Berria.info-k webgune berezia izango du.

BBC

BBCk 24 katetan eskainiko ditu Olinpiar Jokoak. Gaurko hasiera ekitaldia Super Hi-Vision teknologian ikusteko aukera izango da telebista aparailu batzuetan, goi bereizmenak baino hamasei aldiz kalitate handiagoa duena. Halaber, aurreneko aldiz emanaldi batzuk hiru dimentsiotan egingo dituzte (230 ordu). Goi bereizmenean, berriz, 2.500 ordu eman eta grabatuko dituzte. Euskal Herrian, Euskaltel digitalean ikus daiteke BBC. Bestalde, BBCk jokoen inguruko aplikazio bat sortu du iPad, iPhone eta Android sistema duten gailu eramangarrietarako. Interneten une oro eskainiko dute informazioa Londresen gertatzen denaren inguruan, www.bbc.co.uk webgunean,28 hizkuntzatan.

RTVE

Ignacio Gomez Acebo TVEko Kiroletako arduradunak gidatuko ditu Olinpar Jokoen saioak. Londresera 123 langile bidali dituzte, Pekinera baino %30 gutxiago. TVEk egunero 60 ordu eskainiko dizkie Olinpiar Jokoei, horietatik hamabi La1 katean. Rtve.es-ek aplikazio bat sortu du Internetera konektatutako telebistentzat. Espainiako telebista publikoak70 milioi euro ordaindu ditu eskubideengatik.

TF1

Hasiera ekitaldia zuzenean emango dute gaur, 20:50ean, Londresko olinpiar estadiotik. Kontakizuna Gilles Bouleauk, Harry Roselmackek eta Amelie Mauresmok egingo dute.

France2-France3

Egunero Olinpiar Jokoen hainbat emanaldi eskainiko dituzte. France2n, 11:50etik 20:00etara izango dira emanaldiak, eta France3n, 09:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik goizaldera arte.

EITB

Asier Aranguren izango da ETBko berriemaile berezia Londresen, eta egunero egingo ditu kronikak albistegietarako. Euskadi Irratiak gertutik emango du egunero euskal kirolarien berri.

Youtube

NBC telebista katearekin elkarlanean, Interneteko atariak Olinpiar Jokoetako 3.000 ordu emango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.