Komunikazioa

Seinalea mantendu arren, Gipuzkoa telebistak ez du saio berririk ekoitziko

Langabeziara joan dira abendutik erregulazio espedientean zeuden Donostiako egoitzako hamar langileak

Aspaldian eguneratu gabe dago Gipuzkoa telebistaren webgunea. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ez da une gozoa tokiko telebista kateentzat. Joan den ostiralean, Nafarroako Canal4 katea itxi egingo dela jakin zen. Donostian egoitza duen Gipuzkoa telebistan, berriz, abendutik erregulazio espedientean zeuden langileak ez dira lanera itzuliko. Horrenbestez, Zuatzuko parkean tokiko kate horrek egiten zituen saio eta albistegiak desagertu egin dira.

Abenduaren erdialdean Gipuzkoa telebistako enpresako zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen, eta erakunde administratiboak espedientea onartu behar zuen. Bitartean langileak oporretan zeuden, ofizialki. Baina espedientea onartu da, eta hamar langileak kalera joan dira.

Abenduaren 15etik Gipuzkoa telebistak ez du albistegirik eman (2011. urte osoan Gipuzkoan gaur albistegia egin zuten). Hala ere, Gipuzkoa telebistak bere seinalea mantenduko du. Irungo Txingudi telebistak, Canal Bizkaiak eta Canal Vitoriak egindako saioak emango dituzte.

Gipuzkoa telebista 2000. urtean jaio zen, Localia Gipuzkoa izenarekin. Hastapenetan, SER irratiak egoitza zuen eraikinean zituen instalazioak, Askatasunaren Etorbidean. Hasieran, Prisa taldea zen akziodun nagusia. 2007. urtean, aldiz, akzio banaketan aldaketak izan ziren, eta Prisak erabateko kontrola galdu zuen. Donostiako katea mantendu egin zen, baina arduradunak aldatuz. 2008. urtean, Localiako kate gehienak itxi egin ziren. Eta Donostiako Localiak Gipuzkoa telebista izena hartu zuen. Irungo Txingudi telebista, Bilboko Canal Bizkaia eta Gasteizko Canal Vitoriarekin akordioak izan ditu ordutik Gipuzkoa telebistak.

LTDko tokiko lizentzien lehiaketan emititzeko baimena lortu zuen Gipuzkoa telebistak, Teledonosti, TeleDonostia eta Hamaika telebistarekin batera. Esan bezala, Gipuzkoa telebistak emititzen jarraituko du, baina Donostian lantalderik mantendu gabe.

Gipuzkoa telebistako kontseilari ordezkari David Mejutok aitortu duenez, kate horrek abendutik soilik «kanpoko produkzioa» ematen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste tokiko kateek utzitako ekoizpenak, alegia. Kateak ez du euskarazko edukirik ekoitzi, baina ETBri erositako Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioak eman izan ditu.

Nafarroan, Canal4 gabe

Nafarroan, bestalde, tokiko telebista kate bat gutxiago egongo da hemendik aurrera. Nafarroako Gobernuak ematen dituen diru laguntzen sistema aldatzeak ekarri du Canal4 katearen itxiera; azkeneko urteetan gobernu foralak milioi bat euro ematen zion zuzenean, eta horri esker lortu dute irautea. Diru laguntza sistema berria, ordea, edukien araberakoa izango da. Eta Popular TV eta Canal6ren artean banatuko dute.

Prisa taldeak arazo ekonomiko nabarmenak ditu, eta iaz iragarri zuten 2.500 langile kaleratzeko asmoa dutela. Hartara, logikaren barne sartzen da Canal4 katea ixteko erabakia. Nafarroako telebista kate horretako 19 langile geldituko dira kalean. Horri gehitu behar zaio katearentzat lan egiten zuten ekoizpen etxeena.

Canal4k 1997. urtetik emititu du izen horrekin Nafarroan, nahiz eta aurreko hiru urteetan Iruñean Pamplona Television izenarekin aritu zen.

Edurne Elio Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendariak albiste txartzat jo du Canal4ren itxiera: «Gobernuaren desioa litzateke kate guztiak lehiaketara aurkeztu ahal izatea. Diru laguntza sistema berriak eraginkortasun handiagoa bilatzen du, eta, bestetik, ez finantzatzea hiru aldiz eduki mota berberak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.