Hamalau urte dira Espainiako ikus-entzunezko aholkularitza enpresarik garrantzitsuena zuzentzen duela. Ikusle datuen bilakaera gertutik aztertu du urteotan Ricardo Vacak (Madril, 1954).
Zer eskaini beharko luke telebista publikoak telebista pribatuak eskaintzen ez duena?
Hasteko, esan nahi dut telebista publikoan sinesten dudala. Iruditzen zait telebista publikoak eta pribatuak elkarlanean aritu behar luketela, ikus-entzunezko sektore indartsu bat sortzeko. Telebista publikoak herritarren zerbitzuan egon behar du. Genero garrantzitsuena informazioa da. Daturik onenak, gehienetan, alor horrek ematen ditu, gainera. Esate baterako, ETBk Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen denaren inguruko gaikako kate bat izan beharko luke. Funtsezkoa da tokian tokiko kate autonomiko publiko bakoitzak gertatzen dena minutu oro kontatzea.
Zer iritzi duzu TVEri egindako murrizketen inguruan?
Ez da batere albiste ona. Egoera ekonomikoa, oro har, oso larria da. Zor handia du Espainiak, eta murrizketen kontu hau, zoritxarrez, hasiera baino ez da.
Nola doa publizitatearen jaitsiera telebistaren sektorean?
2007. urtean publizitateak Espainiako telebista irekian 3.500 milioi euro fakturatu zituen. Aurtengo iragarpena da 1.900 milioi euro fakturatuko direla. Telebista mugiarazten duen diruaren %45 galdu da, horrenbestez. Egoera oso zaila da, publizitatearen indarra murriztu delako. Krisia datorrenean, enpresek kentzen duten aurreneko gauza publizitate gastua da, eta nire ustez huts bat da hori. Suspertzea datorrenean, nahiz oraindik herritarrek ez nabaritu, publizitatea da hazten den aurrenekoa. Iaztik hona, %20 jaitsi da.
Kate autonomiko batek irauteko aukera izango al du galera handiak baditu?
Ni publizitaterik gabeko telebista publikoaren aldekoa naiz. Hor dago BBCren eredua. Baina egoera konplexua da. Etorkizunean, telebistek etengabe berrasmatzen ibili beharko dute. Esate baterako, kate autonomikoak gaur sortuko bagenitu zer baliabiderekin liratekeen planteatu beharko genuke. Bestela, ixteko arriskua izan dezake batek baino gehiagok. Telebista kontsumora eta dagoen egoerara egokitu beharra dago. Ahalik eta eraginkortasunik handiena aurkitu behar da, zentzu guztietan.
Zer proposatzen duzu ikus-entzunezko sektoreari begira?
Espainiako sektore indartsu bat proposatzen dut, independentea eta sortzailea. Esportatzailea ere izan beharko luke, kontuan hartuta munduan 500 milioitik gora lagunek hitz egiten dutela gaztelaniaz. Motor horrek mugiarazi beharko luke sektorea. Eta, gainera, sinkronia edo armonizazio batek egon beharko luke telebista pribatu eta publikoaren artean. Biak dira garrantzitsuak. Bestalde, sare sozialei esker telebista kontsumoa hazten ari da, eta hori kontuan hartu beharra dago. Paper batean jarri behar dugu handitan zer izan nahi dugun.
Antena3ek eta La Sextak ez dute bat egingo azkenean. Nola ikusten duzu LTDaren panorama?
Nahiz eta ez duten bat egingo, Mediaset, Antena3 eta La Sexta taldeen artean publizitate sarreren %80 inguru eramaten dute. Txikientzat tartaren zati txikia dago. Antena3 eta La Sextari ezarri dizkieten baldintzak Mediasetenak baino gogorragoak dira, eta pentsatuko zuten ez dutela hainbesteko etekinik lortuko eta ez diela merezi bat egiteak.
Barlovento Comunicacion enpresan ikusle datuekin lan egiten duzue. Audientzien zatikatzeaz zer gogoeta egiten duzu?
Telebista gidatzen du audientzien zatikatzeak, axioma bat da. 150 kate inguru ditugu, batzuk ordainezkoak eta besteak irekiak. Gero eta gehiago goaz AEBetako merkatura, non liderrak %7-10inguru duen. Kate autonomikoek lehen ere askoz portzentaje handiagoak zituzten. Orain, zinemako bi kate daude, eta beste bi dokumentalenak, eta horien artean %5-6 eramaten dute. Normala da handiek portzentaje txikiagoak izatea.
Zer esango zenieke datu horien fidagarritasunaren inguruan zalantzak dituztenei?
Guk datuak erosten ditugu. Pisu baskula batekin konparatuko nuke. Neurtzeko sistema bera da guztientzat, metodologia berdinarekin, baskula berdinarekin. Publizitate eta ikus-entzunezko sektoreak ontzat hartzen du sistema. Eta kontuan hartu behar da kuota puntu bakoitzak 20 milioi euro ekartzen dituela.
Nola ikusten duzu telebistaren etorkizuna eta tekonologia berrien arteko harremana?
Teknologiak bizimodua aldatzen digu. Gaur egun, sakelako telefonoa falta bazaigu, besorik ez dugula ematen du. Irrati transistorearekin irrati kontsumoa zabaldu egin zen, adibidez. Telebistaren alorrean, goi bereizmenak eta 3Dak aldaketak ekarri ditu. Teknologiak eta ekonomiak eta aldaketa guztien abiadura biziak dakar egungo telebistaren krisia.
Komunikazioa. Ricardo Vaca. Barlovento Comunicacioneko presidentea
«Sinkronia batek egon beharko luke kate publiko eta pribatuen artean»
Telebista publikoaren aldeko defentsa egin du aste honetan Vacak, EHUko Udako Ikastaroetan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu