Komunikazioa. Ekografiak

Suminez

Jokin Labaien.
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Datozen egunetan gerta daitezkeenek ez diote grazia handirik egingo istorioko protagonistari. Iragan astean iragarki bat ikusi nuen. Tele5 kateko Pasapalabra saioak bere ibilbideko sari handiena banatuko zuela, 852.000 euro. Carlos Villalba madrildarrari argitu zitzaion aurpegia, hogeita bost galderako uztaia beteta ikustean. Segundo gutxiren faltan bi galdera erantzuteko. Lehena erraz eta zuzen eman zuen. Astirik galdu gabe, bigarrenaren eske hasi zen Christian Galvez aurkezlea. «Urerte» esan zuen lehiakideak... eta baietz, zuzena zela. Pantailan sariaren kopurua azkar batean, taldekideak eta aurkezlea bera besarkatzera hurbildu zitzaizkion pozaren pozez. Imajinatzen dut ikus-entzule kopuruak gora egin zuela egun hartan. Aurrez iragarri baitzuten gertatzekoa zena; saioaren mugarria.

Orain jakin dugu, «urerte» hitza ez dela existitzen, behinik behin, Real Academia Españolaren hiztegian. Sumindu egiten duena, suharra eta errea «urente» omen da. Hizki batean erratu zen. Eta webgune batek aukera baliatu du akatsaren berri emateko. Araudia eskuan, ez lukeela saririk jaso behar azaltzen da bertan. Izan ere, logikoki, erantzun guztiek zuzenak izan behar dute sariaren jabe egiteko. Burutsua.

Ez dut uste, behin gertatua zabalduta, 852.000 euro musutruk emateko prest daudenik. Demagun, katearen arduradunek saria ez emateko erabakia hartzen dutela. Hautua zuzena ote litzateke? Eta justifikagarria? Demagun, justifikagarria izan ez arren, justifikatu egiten dutela. Kalkula ote liteke haren irudiak zenbateko irabaziak eman dizkion Tele5 kateari? Ez baitzuten alferrik iragarriko madrildarrak saria eskuratuko zuela egun eta ordu jakin batean. Jendea, patata frijituak eta garagardoa eskuan zain izango zen saioa noiz hasiko. Datuek gora egingo zuten, dirutan.

Badakit hutsaren gainean teoria bat eraikitzen ari naizela. Baina badakit, halaber, telebistan askotan erabiltzen dela jende arruntaren irudia etekinak lortze aldera. Maiz ohartu ere ez gara egiten. Eta izen handiko izan ezean, ia ezinezkoa da horri aurre egin eta salaketatik onik ateratzea. Norberak sortu irabazi horien jabe egitea. Eta, kasu honetan, ez dirutan. Ez behintzat dirutan bakarrik.

Suminez izango da Villalba delakoa, medikuren bati, n eta s hizkiak nahastea gaixotasun kronikoa duela justifikatzeko erregutuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.