Hiru hamarkadan Lapurdiko uhinetan euskaraz mintzatzen. Abenduan 30 urte beteko ditu Gure Irratiak. Herritarren laguntzari esker, euskarazko irratiak bere bidea egin du, baina oraindik ere herritarren laguntza behar du, egoera ekonomikoa ez baitu batere ona. Hala, heldu den astean sustengu kanpaina hasiko dute. «Sos pixka baten biltzeko izanen da kanpaina. Berriz ere, eta iraganean egin dugun bezala, laguntzaileen parte-hartzea galdegiten dugu, bakoitzak ahal duen heinean», azaldu du Miren Duhart Gure Irratiko langileak.
Iraganean ziren arrangura berak dira gaur egun Gure Irratian: euskara sustatzea eta bereziki euskara baliagarri bilakatzea. Gure Irratiak egun guziz, eta denbora osoz, euskara lau haizeetara zabaltzen du. «Jendarteari informazioa eskura eta aisialdia euskaraz bizitzeko parada ematen dio», dio Duhartek. «Molde parte-hartzailean, gainera».
Gure Irratia handitu egin da 30 urte hauetan. «Baina egoera ekonomikoak ere bete-betean jo du irratia». Egoera hori aintzat hartuta, laguntzaileen eta diru emaileen taldearen gaia berriro landuko dute. «Aspaldi ez genuen hori eraberritu, eta datozen hilabeteetan lan horretan sakonduko dugu», dio Arantxa Idiederrek.
Kanpainarekin batera, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte urte osoan. Enpresetara ere joko dute, eta horiek publizitatea agertzeko parada izango dute. «Jendeen etorrera oso garrantzitsua da, memento horiek parteka ditzagun», azaldu du Idiederrek.
Pilota, bertsoak, pailazoak...
Gure Irratiaren 30. urteurrena ospatzeko, askotariko ekitaldiak antolatuko dituzte datozen hilabeteetan. Finkaturik dauzkaten ekitaldien artean, martxoaren 5ean buruz buruko pilota finalaren errebantxa jokatuko dute Arrangoitzen; ekainean, bertso saio bat eginen dute; irailean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikusgarria izanen da; eta abenduan, kantaldi erraldoi bat eginen dute Hazparnen. Horrez gain, urte guztian gauza txikiagoak egingo dituztela iragarri dute.
Interneten parte-hartzea
Gure Irratiarentzat gero eta garrantzi handiagoa du Internetek. Gureirratia.eu webgunean irratia zuzenean entzun daiteke mundu osoan. Halaber, aurten jendearen parte-hartzea zabaldu nahi dute sarearen bitartez, lekukotasun, argazki eta soinuak partekatuz. Internet tresna gisa erabili nahi dute entzuleekin harremana sendotzeko. Diru laguntzak egiteko aukera ere izanen da Interneten, biramendu automatikoen bitartez. Gainera, entzuleek bidalitako edukiekin sustengu liburu bat edo egutegi bat ateratzeko asmoa dute.
Sustengu kanpaina eta Interneteko laguntzak baliatzeaz gain, Gure Irratiak zenbat euskarri jarriko ditu salgai datozen hilabeteetan.
Gure Irratiak harreman estua du hainbat agenterekin. Korrikarekin, adibidez, ekimenen bat egingo dute, eta gaztetxeekin ere elkarlana landu nahi dute.
Komunikazioa
Sustengu kanpaina jarriko du martxan datorren astean Gure Irratiak
Lapurdiko irratiaren 30. urteurrena dela eta, hamaika ekitaldi antolatuko dituzte 2011. urte osoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu