Tele5k egindako presioen ostean, Youtubek Cubainformación TVren bideo bat kendu du bere ataritik. Bideo horretan Tele5k Kuban haur prostituzioaren inguruan egindako lan bat kritikatu eta salatzen zen. Cubainformacion TVren erreportajeak beste bi zati ditu, baina horiek ez dituzte kendu. Kontua da bideo zentsuratuak zabalpen handia izan zuela: 470.161 bisita. Contrabalboa izeneko kontuan zegoen ikusgai bideoa. Youtubek «copyright motiboak» argudiatu ditu ataritik bideoa kentzeko. La prostitución periódistica de Tele5 contra Cuba erreportajearen hiru zatiak, bestalde, osorik ikus daitezke www.cubainformacion.tv webgunean. Bertan Tele5k 2008. urtean emititutako La prostitución infantil en Cuba dokumentalaren «tranpak, gezurrak eta azpijokoak» ikertu eta hankaz gora jartzen ditu Cubainformacionek. Tele5ko dokumental hura Mandarina enpresak eta Sebastian Fernandez Ferratek ekoitzi zuten. Hain zuzen ere, Fernandez Ferrate egun espetxean dago, adingabeen galbideratze delituagatik. Cubainformacionen arabera, Tele5k dokumental hartan gezurrak eta gehiegikeriak zabaldu zituen, eta ohorearen aurkako falta larriak eta Kubako errealitatearen ezezagutza erakutsi. «Gainera, mezu arriskutsua zabaltzen zuen, pederastak Kubara erakartzeko», dio Cubainformacionek.
Hirugarren lan zentsuratua
Ez da lehen aldia Youtubek Cubainformacion TVren bideo bat zentsuratzen duela. 2009. urtean, Armando Valladares enpresari antikastristari buruzko lan bat zentsuratu zuten. Iazko apirilean, berriz, Lecciones de derechos humanos para Cuba. Una policía democrática bideoa kendu zuen Youtubek, aste pare batean 40.000 bisita izan eta gero.
Komunikazioa
Tele5k Kuban egindako lana salatzen duen bideo bat zentsuratu du Youtubek
Cubainformacion TVren 'La prostitución periódistica contra Cuba (2)' bideoak 470.161 bisita zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu