BBC hedabidearen euskarri elektronikoak jaso zuen atzo berria: eremu urriko hizkuntzen artean euskara da Twitter sare sozialean gehien erabiltzen denetako bat. Indigenoustweets.com atariko informazioa oinarri hartuta, BBCk zerrendaren bigarren lekuan ipintzen du euskara, Haitiko kreoleraren atzetik. Twitterren egiten diren 68 hizkuntzetako mikroblogging iruzkinak zenbatzen dituzte Indigenoustweets.com atarian, eta, horren arabera, euskara bigarrena da. Euskara eremu urriko hizkuntzen artean bigarrena dela dioen berria Dave Lee kazetariak landu du; Micro-blogging in a mother tongue on Twitter(Twitterren ama hizkuntzan mikroblogeatzen) du izenburu haren artikuluak.
Indigenoustweets.com atariaren arabera, 3.788 erabiltzaile ditu euskarak Twitterren; eremu urriko hizkuntzen artean, 383.630 erabiltzaile zenbatu dituzte. Gainera, sarrera gehien sartzen duen erabiltzaileetako bat BERRIA egunkaria da, zerrendan ageri denez. Kazeta honek 11.526 tweet sartu dituela dioiturri elektronikoak. Euskarazko lehenengoa eastigarraga erabiltzaileak sartu duela ere jaso du.
Kevin Scannell AEBetako Saint Louiseko Unibertsitateko irakaslearen ekimena da Indigenoustweets.com. Hark egindako ikerketari jarraiki, kreolera da hizkuntz erabiliena Twiterren, betiere eremu urriko hizkuntzei dagokienez. Hamabi milioi hiztun ditu Haitin. Horietako 6.878k erabiltzen dute Twitter kreoleraz komunikatzeko. Beste muturrean gamilaraay izeneko hizkuntza dago. Australian erabiltzen da, eta ia galduta dago; hala ere, badago Twitterren hizkuntz hori erabiltzen duen erabiltzaile bat, bakarra.
Gorantz doan joera
Kevin Scannell Indigenoustweets.comeko arduradunaren hitzetan, «harrigarria da» batik bat ingelesez erabiltzen den zerbitzu horretan beste hizkuntzetako «horrenbeste twitterlari» aurkitzea. «Liluratu egin ninduen bere tweetak gaelikoz 1.000 erabiltzailek idazten dituztela jakiteak, edo euskaraz 3.000 lagunek egiteak». Kopuru horiek, gainera, gorantz doazela dio proiektuaren bultzatzaileak.
Twiterren ere, euskara aurrera
Euskara bigarren da Twitterren eremu urriko hizkuntzen artean, eta BERRIA da erabiltzaile bizienetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu