Kazetaritza

Valentziako kazetariek Wael al-Dahduh palestinarra saritu dute

Al-Dahduhk salatu du urritik hona 140 kazetari palestinar baino gehiago erail dituztela.

Wael Al Dahdouh Valentziako kazetarien elkargoko saria jasotzen. BERRIAen.
Wael Al Dahdouh Valentziako kazetarien elkargoko saria jasotzen. BERRIAen.
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

«Gerra genozidio bat da, eta helburutzat herri eta kultura palestinarra akabatzea dute». Hala esan du Wael al-Dahduh kazetariak, Valentziako (Herrialde Katalanak) Kazetarien Kolegioaren Llibertat d'Expressio 2024 saria jaso ostean. Gazan Al-Jazeerak duen bulegoko arduraduna da Al-Dahduh. Nabarmendu du Palestinan 140 kazetari baino gehiago biktima izan direla. «Gerra krudel baten biktimak dira». Hala ere, defendatu du garrantzitsua dela Gazan dauden kazetarien lana. «Gazan gertatzen ari dena kontatzeko ardura dugu, eta xede hori betetzen ari gara, objektibotasunez eta profesionaltasunez».

Palestinako kazetariak salatu du Isralek ez duela nahi munduak jakin dezan zer gertatzen ari den. Al-Jazeera egiten ari den lana defendatu du. «Al-Jazeeraren argazkietan eta bideoetan ikusten den guztia benetakoa da».

Al Dahduhren familiako gertukoenak hil ditu Israelek: iazko urriaren 25ean, Israelgo eraso batek haren emaztea, seme batzuk eta hemezortzi hilabeteko biloba hil zituen. Handik hilabete batzuetara, kazetariak berak sufritu zuen eraso bat, eta gutxigatik salbatu zen. Baina harekin zen Samer Abu Daqqa kameraria hil egin zuten. «Lanean jarraitu behar dut, profesionaltasunez eta objektibotasunez, gure lana oso garrantzitsua baita».

Valentziako kazetarien ordezkari Vicent Marcok esan du Al-Dahduh erresilientzia adibide bat dela. «Ohore bat da Valentziara saria jasotzera etorri izana».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.