XXI. mendeko Anaia Handia

Interneteko etxe askok erabiltzaileen datuak biltzen dituzte, errentagarritasun ekonomikoa ateratze aldera. Enpresa horietako askok ez dute errespetatzen datuak babesteko Europako legedia.

Doakotasunean ezkutaturik, Interneteko zerbitzu ugarik mozkinak ateratzen dituzte erabiltzaileen datu pertsonalez baliatuz. BERRIA.
Adrian Garcia.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ezer ez da doan bizitzan. Are gutxiago Interneten. Taberna batean, baso bat ardoren truke, bizitza pertsonalari buruzko xehetasunik emango al luke inork? Bada, horixe gertatzen da Interneteko zerbitzu eta produktu askorekin. Interneteko etxe erraldoiak doakotasunean ezkutatzen direnez, erabiltzaileek haien esku uzten dute euren intimitatea eta pribatutasuna, egiten dutenaz guztiz ohartu gabe, askotan.

«Googlek hobeto ezagutzen zaitu zure bikotekideak baino. Informazioa boterea da, eta, horren arabera, Google munduko enpresarik boteretsuena da». Alejandro Suarezen hitzak dira horiek. Desnudando a Google liburuaren (Google biluzten) hirugarren argitalpena kaleratu berri du, arrakasta handiarekin. Sortu zenetik ezagutzen du Suarezek Interneteko erraldoia. Haren barruan sartu, eta erabiltzaileen datuekin egiten dituen gehiegikeriak salatu ditu bere lanean.

Interneteko produktuak kontratatzean, oso gutxik irakurri ohi dituzte erabiltzeko baldintzak. «Gmailen kontu bat irekitzean baten batek baldintzak osorik irakurriko balitu, ziurrenik ez luke sekula kontua irekiko», dio Suarezek. Googlen posta elektronikoko bat irekita, erabiltzaileak enpresari baimena ematen dio idatzi eta jasoko dituen mezuak irakurtzeko, enpresak bezeroa segmenta dezan, publizitateari begira. Baldintzak onartzean, erabiltzaileak uste du produktua doan erabiltzen duela. «Ez da horrela; gure pribatutasunarekin eta datu pertsonalekin ordaintzen ditugu zerbitzuok».

Informazioa diru iturri

Konpainiatik konpainiara aldea dago, eta pribatutasunaren ikuspegi desberdin bat dauka bakoitzak. Suarezen arabera, Microsoft eta Yahoo etxeek ez dituzte datuak ustiatzen Facebookek eta Googlek bezain era erasokorrean. Halere, bi etxe horien artean aldea nabaritu du Suarezek. «Facebook sistema itxi bat da; zerbitzua utziz gero, datuak emateari uzten diozu. Googleri datuak emateari utzi nahiko bazenio, Internet erabiltzeari utzi beharko zenioke, sistema guztietan baitago».

Googleko bilatzailean egindako arakatzeak, erabiltzaile bakoitzaren kokapen geografikoa, Youtuben ikusitako bideoak, Picasa argazki zerbitzuan eskegitako irudiak, Gmail posta zerbitzuko mezuak, smartphone sakelakoetan eginiko bilaketak eta abar: datu piloa uzten du Interneteko erabiltzaileak sareko etxe erraldoi horren esku.

«Googlek ez ditu datuak saltzen, alokatu baizik. Horrela, edozein iragarlek interesa dakigukeen edozein publizitate sar diezaguke». Interneteko AEBetako etxe horrentzat, erabiltzaileen datu pertsonalak dira negozioaren oinarria. Erabiltzaile bat, Interneten Londreserako hegaldi bat hartzen duenean, hotel, jatetxe eta antzeko beste zerbitzuen iragarkien helburu bilakatzen da.

Sarearen erabileraren inguruko kontzientziazio falta dago arazoaren muinean. «Alemaniako gizarteak, adibidez, askoz ere susmo txar handiagoz begiratzen die gauzoi».

Iritzi berekoa da Jon Ariño, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoko presidentea (EKE). Elkargoan, salaketa gutxi jasotzen dituzte Interneteko datuen babesaren inguruan. «Erreklamazioen ehuneko oso txikia dagokio Interneteko datuen babesari: %0,3 inguru, 40 bat erreklamazio urtean», azaldu du. Ariñoren ustetan, gizartean ez dago sareko datuei buruzko kontzientziazio nahikorik. «Gazteak ere ez dira benetan jabetzen Interneten ibiltzeak eskatzen duen erantzukizunaz».

Espainian, datuen babesaren alorrean indarrean dagoen legedia egokia da. «Beste kontu bat da ez dagoela mekanismorik legea betearazteko». Uste du kontrol eta ikerketa mekanismo batzuk beharko liratekeela. «Neurriak aldez aurretik hartu beharko lirateke urraketarik izan ez dadin, eta ez gero, erabiltzaileen eskubideak urratzen direnean».

Interneteko enpresek ez dute betetzen pribatutasunari dagokion Europako legedia. AEBetako enpresak izaki, hango legedia —askoz ere malguagoa— besterik ez dute betetzen. Gainera, legedi horren arabera, behartuta daude AEBetako Gobernuari ematera munduko edozein erabiltzaileren datuak, epaile baten baimenari itxaron gabe. «AEBek ez diote inoiz mugarik ezarriko Googleri. Munduko datu baserik handiena dute, doan. Gainera, AEBek mundua kulturalki eta ekonomikoki konkistatzeko erabiltzen dute tresna hori», dio Suarezek.

Europako administrazioek ez dute interes handirik agertzen etxe horiei legea betearazteko.«Kalean protestarik egon ezean, berdin jarraituko dute».

Nahiz eta Googlek hitzeman ez dituela datuak salduko, arrisku handia dakar horrenbeste datu pertsonal esku gutxitan pilatzeak. «Edonoiz alda ditzakete erabilera baldintzak, edo langile desleial batek etekin pertsonalen bat lortzeko erabil ditzake datuok konpainiaren baimenik gabe».

Suarezen ustez, orain arte datuei buruzko kontzientziazio txikia izan den herrialdeetan indartuz joango da pribatutasunaren kontzeptua. «Etxe horien arteko lehiakortasuna dela eta, gero eta marra gorri gehiago gurutzatzen ari dira, eta jendea horretaz ohartzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.