Komunikazioa. Irlen sarea

Yaci

gorka julio
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bilatzaile berri baten izena da Yacy, baina ez da bilatzaile arrunt bat. Milaka pertsonaren ordenagailuen kalkulu ahalmena baliatu eta denon artean bilaketak hobetzeko gaitasuna duen bilatzailea da. Hau da, P2P sare batek funtzionatzen duen moduan egiten ditu eragiketak, zerbitzari zentralik gabe, era banatu batean.

Yacyk pribatutasuna kontuan hartzen du, eta horregatik, egindako bilaketak zifratuta bidaltzen ditu. Erabiltzaile bakoitzean bilaketa indize bat gordetzen du, eta Yacy instantzia ezberdinen artean datuak trukatzen dituzte, zerbitzari zentral baten beharra baztertuz.

Oraindik emaitzak kaxkarrak badira ere, proiektua aurrera doan heinean gero eta hobeak izango dira. Batzuek bilatzaile handien (eta batez ere Googleren) aurkako tresna gisa aurkezten dute, baina egiten duen gauza bakarra jendearen pribatutasunaren alde egitea da. Bilatzailea probatzeko nahikoa da http://search.yacy.com bisitatzearekin. Hala ere, bisitatzeaz gain proiektuaren parte izan eta bilaketak gero eta hobeak izan daitezen http://yacy.net webgunean duzu instalatu beharreko programa.

Askotan azpimarratu dugu lerro hauetatik aplikazio banatuagoen beharra, batez ere zerbitzu zentralizatuek kontrolerako ematen dituzten aukerak direla eta. Tresna hau bide horretan pauso bat baino gehiago da, bilaketa baita gure egunerokotasunean garrantzirik handienetakoa duen ekintzatako bat. Gauza gehienak bilaketa batekin hasten ditugu, eta, beraz, Yacy eta halako proiektuak oso garrantzitsuak dira. Horrela ikusten dute FSF Free Software Foundation fundazioko kideek ere, eta horregatik, proiektuari laguntza ematea erabaki dute.

Windows, Mac eta GNU/Linux sistema eragileetan dabilen tresna berri hau oraindik gaztea da; 1.0 bertsioa, hain zuzen ere. Arrakasta izango duen edo ez dudan jar genezake, Googlek eskaintzen dituen emaitzen aldean, Yacy oraingoz ezin delako lehiatu. Horregatik, are garrantzitsuagoa da ulertzea ez dela emaitza kontua, ezta Google suntsitzea ere, askatasunajokoan dagoen egoera bat dela baizik. Maila askotan, herriak eskuratutako askatasunen aurkako kolpe bat ematen ari direnean, irtenbide posible bat, argi izpi bat ematen duten tresnek balio sinbolikoa dute, helmuga baino bide bat erakusten digutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.