YouTubek, Googleko atariak, telebista tradizionalarekin eta, batez ere, kable bidezkoarekin lehiatu nahi du, eta, horretarako, eduki propioekin osatutako ehun kate jarriko ditu martxan hemendik gutxira. Batzuk azaroan bertan estreinatuko dituzte, baina gehienak 2012. urtean iritsiko dira Internetera.
Kate sorta handi hori martxan jartzeko, hainbat enpresa multinazional, ekoizpen etxe, banatzaile eta pertsona ospetsurekin negoziatzen ari da YouTube. Rupert Murdochen News Corporation taldea eta Europako RTL Group taldea dira kateak ekoitziko dituzten bi. Ekoizpen etxe eta banatzaileen artean, aurreratu dute Lionsgate enpresak hasteko sasoian jartzeko kate bat egingo duela.
Datozen asteetan hasiko dira kateak martxan jartzen, eta YouTubek iragarri du web-telesail berri batzuk ere estreinatuko dituztela.
Azkeneko asteetan zurrumurruak zabaldu dira YouTuberen asmoen inguruan. The Wall Street Journal-ek urriaren hasieran argitaratu zuen Googlek 100 milioi dolar inbertitzeko asmoa zuela YouTubeko ikus-entzunezko propioetan. Azkenean, Googlek baieztatu du ahalegin hori egingo duela.
Ospetsuen kateak
Ikus-entzule eta internautak erakartzeko, YouTubek hainbat pertsona ezagun lotu ditu kate propioak egin ditzatzen. Hala, Maddona kantariak dantzari buruzko kate bat ekoitziko du: Dance On; Shaquille O'Neal NBAko saskibaloi jokalari ohiak Comedy Shaq Network komediaren inguruko katea gidatuko du; Sofia Vergara aktore kolonbiarrak (Modern family) latinoentzako kate bat aurkeztuko du; kateetan beste aktore batzuk ere parte hartuko dute: Ashton Kutcher, Rainn Wilson eta Amy Poehlerrek; C.S.I. telesailaren frankiziaren sortzaile Anthony Zuikerrek YouTuberentzat egingo du lan; eta litekeena da Jay-Z rap kantariak ere kate bat izatea.
YouTubek iragarri duenez, egunero bere atariak programa originalen 25 ordu izango ditu. Halaber, webtv eta web-telesail berriak estreinatuko dituzte.
Eduki sortzaileei YouTubek publizitate irabazien %55 emango dizkie. Proportzio hori handia da AEBetako merkatuan, eta artista gehiago erakar ditzake.
Komunikazioa
YouTubek ehun kate eskainiko ditu eduki propioekin, batzuk azarotik
Madonnak dantzari buruzko kate bat izango du; Shaquille O'Nealek, umorezko bat; Liosgate etxeak, entrenatzeko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu