Zazpi egunez andrerik gabe

La1k '7 días sin ellas' saioa estreinatuko du etzi. BBCren formatu bat egokitu du RTVEk

Saioko lehen atalean, emakume guztiak joan egingo dira herritik. MEDIAPRO.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
BBC Britainia Handiko telebistaren The week the women went saioaren formatuan oinarrituta, La1 kateak 7 días sin ellas saioa estreinatuko du astelehenean, 22:40ean. Bernuy de Porreros (Segovia, Espainia) eta Vera (Almería, Espainia) herrietan garatuko da programa; aurreneko herriko emakume guztiak bigarrenera joango dira oporretan astebetez, sakelako telefonorik gabe. Eta Bernuy de Porreroseko gizonak konpondu beharko dira zazpi egun horietan, arlo sozialean eta pribatuan, emakumeak itzultzen diren arte. Gizonezkoen egunerokotasuna andrerik gabe nolakoa den jasoko du programak.

Aurreneko atalean, emakumeen agurra ikusiko da. Oporretara joan aurretik, herriko andreek hainbat prestaketa egingo dituzte, eta argibideak emango dizkiete gizonezkoei. Oporraldian, era berean, herriko emakumeek aukera izango dute haien elkarbizitzan sakontzeko; tarte bat izango dute hausnarketarako eta interferentziarik gabe haien buruaz kezkatzeko. Programako protagonista nagusiak zortzi familia izango dira —tartean daude haur txikiak eta seme-alaba nerabeak—. Herriko taberna baten jabeak mutil gazte baten ardurapean utziko du ostatua. Gizonezkoen artean, badira ardurak partekatzera ohituta daudenak, baina baita aurreneko aldiz eguneroko ardurei heldu beharko dietenak ere.

Talde bakoitzak izango duen garapen pertsonala jasoko du saioak. Bizimodu berriak herriko gizonengan zer eragin duen aztertuko dute. Aldi berean, kamerek jasoko dute herriko emakumeek nola hautsi duten egunerokotasuna eta zer sentipen dituzten. Ezohiko oporraldia nola bizi duten ikusi ahalko da.

Hamahiru herrialdetan

Formatuak dokumental eta reality generoak uztartzen ditu, eta Erresuma Batuan sortua da —BBC Three kateak 2015ean eman zuen aurreneko aldiz—. Orduz geroztik, beste hamabi herrialdetan ere emititu dute: Frantzian, Kanadan, Danimarkan, AEBetan, Indian, Finlandian, Marokon, Belgikan, Norvegian, Suedian, Ukrainan eta Brasilen. Kanadako CBC katean arrakasta handia lortu zuen duela hamar urte. AEBetan ere igorri zuten, Lifetime Channel katean, 2012. urtean—Hego Karolinako herrixka bat aukeratu zuten programa grabatzeko—.

Espainiako TVE kate publikoari formatua saldu berritan, honakoa esan zuen BBCko estudioetako formatuen zuzendari Sumi Connockek: «Saioak klixe zaharkituetatik harago joan nahi du. Esperimentu harrigarri bat da, eta bizitako esperientziaz zer ikasia eman diezaioke komunitateari».

Mediaproren Big Bang Media enpresak ekoitzi du saioaren bertsio hori, TVErekin elkarlanean. Ekoiztetxe horren ordezkari Alberto Carullok adierazi du parte hartzaileei aukera emango diela erronka bati aurre egiteko, indibidualki eta kolektiboki. «Ikusleek, berriz, beren burua identifikatuta ikusiko dute hainbat egoeratan eta gatazkatan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.