Aroztegia, Urdaibai eta Marienea: Lurraren defentsarako mugimenduen hiru adibide

Aroztegia, Urdaibai eta Marienea: Lurraren defentsarako mugimenduen hiru adibide

Nafarroako Antzerki Eskola, IRUÑEA

2025eko ekainaren 05a

Sarritan, ingurumenaren defentsa eta hirigintza proiektuei lotutako interesak ez datoz bat. Euskal Herrian, hainbat mugimendu herritar osatu dira era horretako gatazkengatik. Tartean dira Urdaibaiko Guggenheim museoaren, Aroztegiko proiektu urbanistikoaren eta Marieneko etxebizitza egitasmoaren aurka sortu direnak. Kinka podcastak mahai inguru ireki bat egingo du mugimendu horien borrokak gertutik ezagutzeko: ekainaren 5ean izango da, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Baztango Aroztegiaren auzian, talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatu diete Lekarozen proiektuaren aurkako kanpaldi batean parte hartu zuten zazpi herritarri, eta Nafarroako Gobernua egitasmoa bultzatzen ari da oraindik. Kanboko Marieneko egitasmoa dela-eta ere auzipetu dituzte ekintzaile batzuk, proiektuaren aurka protesta egiteagatik. Berriki, zenbait elkartek laborantzarako prestatu dute lurra, eskatzeko eremua nekazaritzarako erabil dadila eta etxebizitzarik ez dadila eraiki. Urdaibaiko Guggenheim museoaren auzian, erakunde publikoek entzute prozesu bat abiarazi dute herritarren iritziak biltzeko, baina proiektuaren aurkako taldeak zuhur agertu dira, agintariek ez ote duten jarraituko neurriak hartzen, egitasmoa gauzatze aldera.

Eider Gotxik (Guggenheim Urdaibai Stop), Gorka Laurnagak (Aroztegia Gelditu) eta Joana Detxartek (Ostia Sarea) parte hartuko dute mahai inguruan. Nagore Arin BERRIAko kazetaria eta ikus-entzunezkoen taldeko arduraduna arituko da gidari.