Bisita gidatua Urdaibai Bird Center-en, naturaren museo bizian

Gauteniz-Arteaga, BIZKAIA
2025eko urriaren 18a
Hegaztiez eta horien migrazioaz gozatzeko aire zabaleko museoa da Urdaibai Bird Center. Paduraren behatoki ezin hobe batean dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean. BERRIAlagunek museoaren egunerokoa ezagutzeko parada izango dute urriaren 18an.
Bisitak bi ordu iraungo du: lehenik, eraztunketa zientifikoko jardunaldia egingo da; bigarrenik, zentroan gauzatzen diren proiektuak ezagutuko dituzte BERRIAlagunek. Biosfera Erreserbaren garrantziaz jabetuta, migrazio fenomenoari buruzko bisita batekin amaituko da; besteak beste, teleskopioak eta kamerak erabiliz hegaztiak behatzeko tartea ere izango da.
Zentro bizia denez, inork ez daki egunak zer ekarriko duen. Izan ere, hegaztiek baldintzatzen dute Zentroaren eta bisitaren norabidea. Garai honetan ohikoak dira mokozabalak, arrano arrantzalea, askotariko ahate espezie eta limikolo ugari, eta, zorte apur batekin, flamenko ezohikoak ikusteko aukera ere izan dezakete BERRIAlagunek.
BERRIAlagunentzako antolatutako esperientzia hau urriaren 18an izango da, 09:30ean, Gautegiz-Arteagan. Esperientziaz gozatzeko, 5 euro ordaindu beharko dira, bertaratzea bermatzeko asmoz, eta hogei lagunek gozatu ahal izango dute esperientziaz.