Mendiaren ingeradari elkarrekin forma emateko mahai ingurua

Mendiaren ingeradari elkarrekin forma emateko mahai ingurua

Kultur etxea, TOLOSA

2025eko urriaren 30a

BERRIAren Mendia kanalak, mendiari buruzko aktualitatearen berri eman eta dimentsio digitala hezur-haragizko bihurtzeko asmoz, esperientzia presentzialak antolatzen ditu urtero. Irakurleengana hurbiltzea, komunitateko kideak elkartzea, haien iradokizunak eta interesak jasotzea, mendiaren dimentsio anitzez gozatzea da ekitaldi horien helburua.

Mendira hurbiltzeko moduak askotarikoak dira, eta ugariak mendizaletasunaren modalitateak eta ertzak ere. Oraingo honetan, mahai inguru bat antolatu du BERRIAk, mendiaren aurpegi ugariei buruz gogoeta egiteko. Lau solaskide izango dira mendiaren ingeradari elkarrekin forma ematen, nor bere ikuspegitik mendiari buruz hausnartzen. Mendiari hizkuntza eta hizkuntzari mendia ematea, horixe izango da BERRIAk antolatutako mahai inguruaren xedea.

Urriaren 30ean izango da hitzordua, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Malen Osa Ansa mendi korrikalari eta eskiatzailea mendiaz abiada bizian gozatzearen plazeraz arituko da; Kontxi Franco Montes Solidarios elkarteko kideak aniztasun funtzionala dutenak mendira nola hurbiltzen diren azalduko du. Oinez, korrika, Joellet aulkian, eskiatuz... ugariak dira mendiaz gozatzeko moduak. Eta badira hegan gozatzen dutenak ere. Mattin Iñiguez Ormazabal parapentelaria lainoen artean ibiltzearen gozamenaz eta Red Bull X-Alps erronkako bizipenaz ariko da. Gainazalean edota airean ez ezik, mendiaren erraietan ere barneratuko gara Iñaki Antiguedad Auzmendi hidrogeologoaren eskutik, kontserbazioaren ikuspegitik eta modu sosegatuago batean.

Truke bat izango da, nor beretik arituko da, baina besteena ulertzeko ahaleginean. Mendia zaintzea, maitatzea, naturarekiko harremanaren premia, lehia eta ez lehia, mendian (ere) azken urteotan gertatzen ari den bilakaera, klima aldaketa... mendiak dituen adina ertz izango dira hizketagai, Tolosan.

Lau erpin, gozatzeko lau modu, lau ikuspegi, solasaldi bakarrean.